Duela bi aste Gipuzkoako sozietateen gaineko zerga %32,6tik %28ra jaisteari emandako ezetza zehazten hasi da Alfonso Basagoiti EAEko PP presidentea. Atzo, Basagoitik ziurtatu zuen bere alderdiko sei batzarkideek %28ko tasaren aldeko botoa emango dutela, baldin eta «errenta eta ondare zerga ere benetan jaisten badira».
PPren botoak ezinbestekoak dira Gipuzkoako sozietate zerga Arabakoarekin eta Bizkaikoarekin parekatzeko. Desadostasun handien ondoren, foru gobernuan dauden bi alderdiek -EAJk eta EAk-proposatu dute %28ra jaistea, baina ados jarri dira beste zenbait aldaketa ere egiteko. Hala nola proposatu dute errenta zergaren gehienezko tasa %45etik %46ra igotzea, zerga horren tauletan inflazioaren eragina ez kontuan hartzea, ondarearen gaineko zerga kentzea eta ondare sozietateen gaineko zerga %18tik %24ra igotzea. Aurten ezarri den 400 euroko kenkaria ere ezabatzearen alde daude EAJ eta EA.
Azken puntu horien aurka dago alderdi popularra. «Sozietate zerga jaitsi eta errentarena eta ondarearena igotzen badira, ez dugu ezer aurreratuko», ziurtatu zuen atzo Basagoitik, Donostian. Berez, PPk proposatu du enpresek beraien irabazien gaineko %25eko zerga pagatzea, baina prest dago %28koa onartzeko, «norabide egokian emandako urratsa» delako.
Beste taldeen ezetza
PPren botoa derrigorrezkoa da erreformak aurrera egin dezan, EAJk eta EAk ez dutelako gehiengorik Gipuzkoako Batzar Nagusietan -23 batzarkide dituzte-, eta gainontzeko taldeek kontrako botoa iragarri dutelako. PSE-EEk 16 batzarkide ditu, sei PPk, lau Ezker Batuak eta bi Aralarrek.
Oraingoz, Gipuzko foru gobernuak sozietate zergaren erreforma baizik ez du aurkeztu Batzar Nagusietan. Batetik, haientzat lehentasuna duelako, eta, bestetik, proposamen guztiak batera aurkeztuz gero, oso zaila izango lukeelako inoren botoak lortzea.
Gipuzkoan %28ko zerga onartuko du PPk, baldin eta PFEZ jaisten bada
EAJk eta EAk alderdi popularraren botoa edo abstentzioa behar dute sozietate zergaren tasa berria onartzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu