Ikusteke dago atzo EAJk eta EAk hitzartutako «zerga itun aurrerazaleak» - hala deitu du EAk- bere osotasunean aurrera egiten ote duen. Izan ere, bi taldeek ez dute gehiengo osorik Gipuzkoako Batzar Nagusietan. EAJk 16 biltzarkide ditu eta zazpi EAk. Hau da, hiru falta zaizkie gehiengoa izateko.
Pentsatzekoa da sozietate zergaren kasuan PPko sei biltzarkideek ere %28ko zergaren alde egingo dutela, horren alde egin izan baitute iraganean. Ordezkaritza duten beste hiru taldeek -PSE-EE (16), Ezker Batua (lau) eta Aralar (bi)-, berriz, tasa handiagoa nahi dute.
Sozietate zerga %32,6tik %28ra jaitsiko balitz, Arabako eta Bizkaikoarekin parekatuko litzateke. Eskaera hori bera egin zuen atzo goizean Adegi Gipuzkoako patronalak, eta txalotu egin zuen gero EAJk eta EAk erakutsitako «erantzukizuna».
Iragarpenaren aurkako ahotsak ere entzun dira. «Foru ogasun diru bilketa are gehiago murriztuko du krisi garaian», salatu du Aralarrek.
«EAJk eta EAk enpresaburuen alde» daudela erakutsi dute, Elkartzenen arabera. «Gero eta gehiago langileek jasan behar dute zergen zama, patronalari arindu egiten zaio eta».
EAJk eta EAk atzo lortutako ituna Gipuzkoari soilik dagokion arren, Bizkaian eta Araban ere eragina izan dezake,. Izan ere, proposatutako aldaketa batzuk Gipuzkoan soilik ezartzeak bitxi egingo luke.Horien artean daude errenta zergaren gehienezko tasa %45etik %46ra igotzea eta Ondarearen Gaineko Zergari eus- tea. Azken zerga horrekin zer gertatuko zen ez zegoen batere argi, Espainiako Gobernuak bertan behera utzi baitu.
EAJ-EA ituna
Sozietateen gaineko zerga. Enpresa handientzat %28koa izango da, eta %24koa txiki eta ertainentzat.Kenkariak eta BEZa. Berritzen duten enpresek eta enplegua sortzen dutenek zerga kenkari handiagoak izango dituzte. Administrazioak bizkortu egingo ditu BEZaren itzulketak, ahal dela, hilabete baten buruan egiteko.
Familientzako laguntzak. Seme-alaba bakoitzeko laguntzak handituko dituzte. Menpeko pertsonak zaintzeko kontratatzen diren langile ez profesionalek ez dute zergarik pagatuko.
Ondarearen gaineko zerga. Espainiako Gobernuak ez bezala, EAJk eta EAk eutsi egin nahi diote Ondarearen Gaineko Zergari. Irabazi eta ondare handiak dituztenek soilik pagatzen dute. Ondare Sozietateen gaineko zerga ere igoko dute.
Errenta zerga. Gehien dutenek %45 pagatu beharrean %46 pagatu beharko dute.
400 euroak. EAJk eta EAk «eztabaida» hasiko dute kenkari horri buruz zer egin erabakitzeko. Aldundiek gogo txarrez onartu zuten aurten zergapekoei dirua itzuli behar izatea.