«Iraganean izandako ekitaldi konplexuak atzean utzita», giro baikorrarekin ekin diote gaur goizean makina-erremintaren sektoreak bi urtean behin BECen egiten duen nazioarteko erakusketari.
Sei egunez 1.533 enpresa bilduko dira BECen. 2.149 produktu erregistratu erakutsiko dituzte, horietatik milatik gora makinak. Pabiloi gehienak beteko ditu azokak. AFM elkarteko 96 enpresak parte hartuko dute azokan, eta 7.600 metro koadro okupatuko dituzte. Italia, Frantzia, Alemania, Portugal eta Taiwango enpresek ere parte hartze handia izango dute.
Urte hasiera ona
Xabier Basañez BECeko zuzendariak joan den astean Bilbon azaldu zuenez, krisia abiatu zenetik azokaren «urterik onena» izango da 2016a. «Bere burua maila gorenean jarri ahal izan duen industria sarearen isla izango da». BECentzat ere garrantzitsua da bi urtean behin egiten den azoka, «industria erakartzeko polo handia» bilakatuko delako.
Azoka «sasoi onean» datorrela uste du, berriz, Xabier Ortueta AFMko zuzendariak. «Nahiz eta ziurgabetasun handiko egoera batean egon, 2015eko datuak onak izan ziren, eta urte hasiera ez da txarra izan». Zehazki, urteko lehen hilabeteotan ekoizpena %7,8 handitu da, kontsumoa %36, inportazioa %26 eta esportazioa %1,9. Horrengatik guztaiarengatik espero dute aurtengo azokak ekipamendua berritzeko asmoa duten erosle asko erakarriko dituela. AFM Espainiako makina-erremintaren patronala da, baina haren kide gehienak Euskal Herrikoak dira, gipuzkoarrak batik bat, lurralde horretan baitu indar gehien makina-erremintak.
Azokarekin batera izango dira ekitaldi gehiago. Bihar WORKinn topaketa izango da, gazteentzat ehun lanpostu eta formakuntza eskainiko dituen foto bat. Gainera, ADDIT3D izeneko azoka paralelo bat egingo dute, 3 D-ko teknologiak sustatzeko plataforma bat. Petrolioaren eta gasaren inguruko konferentzia ere izango da.
Urkullu, Arcelorreko langileekin
Bi urtekoaren inaugurazio ekitaldian hartu du parte Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. BECen atean aurrez aurre egin du topo Arcelor Mittaleko Zumarragako langileekin. Esku hartze handiagoa eskatu diote langileek Urkulluri, "hitzetan soilik ez geratzeko". Jaurlaritzak proposamenak egin dituela erantzun die lehendakariak. Ikusita Arcelor Mittalek ez duela planta berriro zabaltzeko asmorik, "irtenbidea agian beste inbertitzaile batzuk" direla ziurtatu du Urkulluk. Jendaurrean behintzat inork ez du interesik azaldu Zumagarrako lantegiaren inguruan.
Langileak ere multinazionaletik harago ari dira begira. Horregatik eskatu diote Jaurlaritzari Espainiako Konstituzioaren 33.3 artikulura jo dezala, enpresa bat arrazoi sozialengatik desjabetzeko eskumena ematen duena. Arcelorreko langileen asmoa litzateke gero gobernuak lantegia enpresaburu baten esku uztea. Orain dela gutxi Gerdauren Euskal Herriko eta Espainiako adarra berreskuratu ditu Jose Antonio Jainaga buru duen talde batek.