HEGAZTIEN GRIPEA. CHRISTINE MCNAB

«Gizakiaren gripe kasuak hautemateko egungo zaintza sistema ez da behar bezain fina»

Edu Lartzanguren.
DONOSTIA
2005eko urriaren 14a
00:00
Entzun
Christine McNab (Kanada, 1969) Osasunerako Mundu Erakundeko (OME) eleduna da.

Zer pentsa behar dugu H5N1 birusa Eurasia osoan zabaldu dela baieztatzen bada?

Gogoratu behar da hegaztien gripea oraindik batez ere txoriei eragiten dien gaitza dela. Europara heldu izanak ez du ezer aldatzen, baina kutsaturiko hegaztiak daudela baieztatzeak birusa mutatzeko mehatxua handitzen du. Gaitza gizakitik gizakira erraz kutsatzen hasteko aukera da gu larritzen gaituena.

Birusa mutatuz gero, gaitzak 150 milioi pertsona hil litzazkeela esan zuen OMEko hegaztien griperako koordinatzaile David Nabarrok. Erakundeak berehala zuzendu zuen, eta biktima kopurua jaitsi. Zergatik daude halako iritzi ezberdinak OMEn barruan?

Ez dago jakiterik zenbat jende hilko den gripe pandemia gertatzen bada. Badakigu 40 milioitik gora pertsona hil zituela 1918ko gripe izurriak, eta bi milioi inguru azken izurriek. Beraz, ez dugu kalkulatzerik izango birusaren aldaera nolakoa den ikusi arte. Edonola ere, eskarmentuak erakusten digu pandemia ahulenek ere sekulako hondamendia eragiten dutela.

1918ko birusa berregin dute laborategi batean, eta H5N1 birusaren oso antzekoa dela esan dute. Zer esan nahi du horrek?

Antzekotasunak daudela esan dute, eta horrek lagundu egiten digu zientziaren aldetik horren kontra borrokatzeko. Edonola ere, antzekoak izateak ez du esan nahi H5N1k ezinbestean gizakien pandemia eragin behar duela. Edonola ere, adi egon behar dugula gogoratzen digu horrek. Herrialdeek oso adi zaindu behar dituzte gripe kasuak, kasu anormalak gertatzen badira ikusi, gertutik aztertu jende talde txikiak denbora laburrean gaixotzen badira. Gripea hautemateko egungo zaintza sistema ez da behar bezain indartsua. Kasuak ahalik eta azkarren hautematea ezinbestekoa da, astia izan dezagun gaitza sorburuan gelditzeko.

Nolakoa izango da mutazio prozesua, gertatzen bada?

Baliteke H5N1 birusa hegaztiak kutsatzen jarraitzea eta, besterik gabe, ahultzen joatea eta galtzea. Baina baliteke baita eraldatzea, poliki edo azkar, eta gizakien artean zabaltzea. Horregatik, garrantzitsua da jendeak ahalik eta harreman guxien izatea hegaztiekin, batez ere Asian. Han ez dute behar bezalako baliabiderik euren buruak babesteko.

Birusaren aurkako botikak Mendebaldeko herrialdeetan pilatzen ari direla salatu dute Asian.

Hala da, eta ezinbestekoa da sendagai horiek herrialde txiroetan ere egotea. Pandemia sortzen bada, botika horiek eskura izan behar ditugu guztiok.

1918ko gripe izurriak milaka lagunhil zituen. Ez al duzu uste orain errazago zabalduko dela gaitza, kontuan izanda gehiago bidaiatzen dela?

Askoz jende gehiago dago egun munduan eta askoz errazago bidaiatzen da, baina medikuntzak eta erreakzionatzeko bitartekoak ere asko azkartu dira. Gakoa, dena den, sortuko den birusaren indarrean dago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.