Gizarte babesari koska

Gizarte laguntza nagusiak %7 txikitzeko asmoa jaso du Eusko Jaurlaritzak datorren urterako aurrekontu proiektuanIngurumen, Kultura eta Herrizaingo sailek izango dituzte diru murrizketa handienak

Ivan Santamaria.
Gasteiz
2011ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Aurrekontuen murrizketak gizarte babesari zuzenean eragingo dio azkenean. Eusko Jaurlaritzak 2012. urterako aurrekontu proiektua onartu zuen atzo Gobernu Kontseiluan, eta gizarte laguntza nagusiak %7 txikitzeko asmoa jasotzen du testuak. Besteak beste, erabakiak ondorioak izango ditu gutxieneko diru sarrerak bermatzeko errentan, alokairurako osagarrian, edo seme-alabak dituzten familientzako laguntzetan. «Aldi baterako neurria da, baldintza ekonomikoek behartuta», argudiatu zuen Carlos Agirre Ekonomia eta Ogasun sailburuak, lege egitasmoa aurkezteko egin zuen agerraldian.

Laguntzarik zabalduena diru sarrerak bermatzeko ordaina da, oinarrizko errenta ohia. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 50.000 familia baino gehiago diru horrekin soilik bizi dira, edo soldata nahiz pentsio eskasak osatzen dituzte. Pertsona bakar batentzako ordaina, asko jota, 658 euro dira hilero (7.900 euro urtero). Bizikidetza unitatean bi pertsona edo gehiago egonez gero, ordaina handiagoa da.

Murrizketa gauzatzen bada, hilero 46 euro galduko dituzte onuradunek, 552 euro urtean. Inflazioa eta jaitsiera kontuan hartuta, diru sarrerak bermatzeko errenta kobratzen dutenen erosahalmena %10 inguru jaitsiko da urtea hasi bezain pronto.

Aurrekontu proiektuak aurten bezain beste diru jasotzen du errentaren faktura ordaintzeko: 281 milioi euro. Haatik, eskubide subjektiboa denez, eskaera guztiak aintzat hartu behar ditu gobernuak, eta behar beste diru bideratzera derrigortuta dago. Krisia luzatzeak ordaina eskatuko duten pertsonen kopurua handitzea espero du Jaurlaritzak, baina, laguntzaren mailari eutsi beharrean, gutxitzea erabaki du. «Laguntza behar duten guztietara iristea nahi badugu, ahalegin bat egin beharko dugu», argudiatu zuen Idoia Mendia Jaurlaritzako bozeramaileak erabakia justifikatzeko.

Gizarteratzeko laguntzen sistema orain dela bi urte erreformatu zuen Eusko Legebiltzarrak, babes zabal batekin. Azken hilabeteotan, ordea, aldaketa garratzitsuak egin dizkiote sistemari. PSEren eta PPren arteko akordio bati jarraituz, errenta jasotzeko baldintzak nabarmen gogortuko dira laster.

Moldaketa horren baitan ordainaren zenbatekoa ez zela murriztuko agindu zuen Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak, baina borondate hori alde batera utzi dute Patxi Lopezen gobernuak dituen finantza estutasunek. Errentaren zenbatekoa lege batek ezarri zuenez, aurrekontu legeak xedapen berezi bat izango du aldatzeko.

Seme-alabak dituzten familientzako laguntzak ere neurri berean jaitsiko dira. Gaur egun, 400 eta 900 euro bitarteko ordain zuzena eskuratzen dute familiek lehen seme-alaba dutenean, euren diru sarreren arabera. Bigarren jaiotza bada, 1.100 euro dira, eta beste ordain osagarri bat jasotzen dute seme-alabak urtebete duenean. Hortik gora laguntzak handitzen dira. Maila guztiei ezarriko zaie %7ko murrizketa. Aldiz, gizarte larrialdietarako laguntzen gehienezko kopuruak ez dira aldatuko, baina horien aurrekontua ere ez da haziko (17,3 milioi), eskaera gehiago espero arren.

Neurritasunari lotuta

Laguntzak jaitsiko badira ere murrizketa sozialik ez dela gertatu ziurtatu zuen Mendiak: «Ez dugu laguntza bat ere bertan behera utzi. Zerbitzu berberak ematen jarraituko dugu, eta kalitateari eutsiko diogu. Ez dugu inor bazterrean utziko». Legealdia hasi zenetik izan dituzten aurrekontu zailenak direla ohartarazi zuen Agirrek, heldu den urterako zerga bilketa 2006koaren azpitik egotea espero delako.

Baldintza horietan neurritasunari «ezinbestean» lotutako kontuak aurkeztu dituztela nabarmendu zuen Agirrek. Guztira, 10.449 milioi euro izango ditu eskura gobernuak. Aurreko urtean baino 100 milioi gutxiago dira. Aurrekontua doitzeko ahalegina are handiagoa izan dela azpimarratu du Jaurlaritzak, kontuan hartuta politika aktiboen eskumenaren ondorioz langile gastuak handitu direla eta AHTrentzako dirua %27 igo dela. Bi horiek alde batera utzita, kontuak %3,7 jaitsiko lirateke.

Abiadura handiko trena eraikitzeko sosak aurreratzen ditu Jaurlaritzak, baina diru hori Espainiako Gobernuaren poltsikotik aterako da gero, kupotik dagokion zenbatekoa kenduta. 2012. urtean 350 milioi euro bideratuko dira obrak ordaintzera Gipuzkoari dagokion zatian, aurten baino 75 milioi gehiago. Trena kontuan hartu gabe, bestelako inbertsioak atzeratzeko borondatea du Jaurlaritzak, eta %9,1 jaitsiko da atal hori.

Funtzionamendu gastuak eta diru laguntzak ere berriro jaitsiko dira aurrekontuan, eta gobernuko departamendu ia guztiek diru gutxiago izango dute. Murrizketarik handienak ingurumenari (%11), kulturari (%8) eta herrizaingoari dagozkio (%6).

Funtzio publikoan langile kopurua ez da handituko, eta soldataren atal guztiek aurten bezala jarraituko dute, inolako hazkunderik gabe, funtzionario, lan legepeko edo aldi baterako behargin guztientzat. Edozein modutako igoera aurreikusten zuten itun edo akordioak bertan behera geratuko dira urtebetez. Administrazio orokorra, Ertzaintza, erakunde autonomiadunak eta zerbitzu publikoak kontuan hartuta, ia 66.000 langileri eragingo die.

Zerga bilketaren hazkunde motela ikusita, bestelako finantzaketa bide batzuen bila hasi da Jaurlaritza. Esaterako, ondarearen parte bat saltzeko edo desinbertsioak egiteko aukera aztertzen hasi da, baina ez du zehaztu zeintzuk.

Sindikatu gehienak, aurka

Gobernuaren proiektuak sindikatu gehienen kritika piztu zuen. ELAren irudiko, Jaurlaritzaren «politika antisozialaren» beste adibide bat da. «Adierazpen demagogikoetatik aparte, Lopezen kabineteak berriro ere gutxien dutenei erasotzen die». CCOOk eta LABek ere aurrekontu proiektua salatu zuten. Esparru politikoan, milaka lagun pobreziaren mugaren azpitik uztea egotzi zion EAk PSEri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.