Nafarroako Gobernuak prest ditu gizarteratzeko eta lan munduratzen laguntzeko errentak arautzen dituzten bi foru dekretuak. Baina oraingoz zirriborroak besterik ez dira, parte hartze publikora zabalik jartzeko asmoa baitu, interesa duten gizarte eragileek, alderdi politikoek, profesionalek eta herritarrek ekarpenak egin ditzaten.
Gizarteratzeko errenta oinarrizko errenta zena ordezkatzera dator, baina baldintzak gogortuta. Lehen, eskatzaileek nahikoa zuten egiaztatzea Nafarroan urtebetez bizi zirela; aurrerantzean, bi urtekoa izango da epea. Laguntzaren zenbatekoak ere aldaketak izango ditu: lehen, gutxieneko soldatari lotuta zegoen, baina, orain, Nafarroako Gobernuak erabakiko du zenbat emango duen. Aurten, gehienez, 641 euro izango dira hilero pertsona bakarreko familia unitateentzat; 769 bikoentzat; 833 hirukoentzat; 897 laukoentzat; eta 962 bost edo gehiagokoentzat. Hasiera batean, sei hilabeterako emango da errenta, eta, epe hori pasata, berriz egin beharko da eskaera, gehienez bi urte osatu arte.
Oinarrizko gizarte zerbitzuak arduratuko dira laguntza hori kudeatzeaz, eta beharrezko ikuskatze guztiak egin ahal izango dituzte errenta hori jasotzen duen familiaren egoeraz esandakoa dela egiaztatzeko. Familiako kideek, berriz, gizarteratzeko hainbat jarduera garatzeko konpromisoa hartu beharko dute, idatzizko akordio batean.
Errenta hori jasotzen duen pertsona bat kontratatzen duen enpresari edo udal erakundeari, berriz, 3.800 euroko diru laguntza ematea aurreikusten du Nafarroako Gobernuak.
Laneratzeko laguntza
Langabezia saria amaitu zaien herritarrek ez dute gizarteratzeko errenta jasoko, laneratzea errazteko eta enplegagarritasuna hobetzeko laguntza baizik, berriz lan munduan sartzeko helburuarekin. Bi errentak ez dira bateragarriak.
Salbuespenak salbuespen, laneratzeko laguntza 45 urtetik gorako herritarrei emango zaie, gutxienez bi urtez Nafarroan bizi direla egiaztatzen badute. Oro har, hilean 641 eurokoa izango da laguntza, baina handiagoa ere izan daiteke seme-alabak ardurapean izanez gero: hilean 705 euro jasoko ditu seme-alaba bat duenak; 769 euro bi dituenak; eta 833 hiru edo gehiago dituenak.
Laguntza sei hilean behin berritu beharko da, bi urte osatu arte. Denborak aurrera egin ahala, baina, laguntza txikitzen joango da: hamahirugarren hilabetetik aurrera, aurreko urtean jasotakoaren %90 izango da eta hemeretzigarren hilabetetik aurrera, %80. Kasu horretan ere, laguntza jasotzen duenak konpromisoa hartu beharko du lana aktiboki bilatzeko, idatzizko akordio batean.
Gizarteratzeko errenta, parte hartze publikora zabalik
Interesa duten eragile, alderdi politiko eta herritarrek ekarpenak egin ahal izango dizkiote zirriborroari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu