Bilboko Gizarte arloko 11. epaitegiak ebatzi du Glovoren eta haren langileen arteko harremana lan harremana dela, soldatapeko gisa kontrataturik egon beharko luketela. Autonomoen kontratuarekin jarduten dira banatzailearentzat, autonomo faltsu gisa, eta hori aldatu egin beharko du Bilboko Glovoren adarrak.
285 langilek jo zuten justiziara eta martxoan hasi zen salaketa kolektibo horren epaiketa; horietako 53 ELA sindikatuak ordezkatzen ditu. Enpresak EAEko Justizia Auzitegi Gorenera jo dezake helegite batekin, baina Espainiako Auzitegi Gorenak dagoeneko finkatu du jurisprudentzia Glovoren auzian, eta garbi utzi du banatzaileak enpresaren langileak direla, soldatapeko behar dutela, eta autonomo gisa aritzea iruzurra dela, hala langileentzat nola Gizarte Segurantzarentzat.
Gizarte Segurantzak Glovo enpresa salatu zuen iaz, eta urtarrilean abiatu zen prozedura. Langileen erregimena epaitu da, finean, hau da, ea autonomoak edo Glovoren soldatapekoak diren. LAB sindikatuak 30 banatzaileri eman die babesa epaiketan, Riders X Derechos banatzaile elkartearekin batera. Autonomo faltsuen auzia soka luzea izaten ari da azken urteetan, Glovo, Uber, Deliveroo eta beste plataforma batzuek bultzatu duten ereduaren harira.