GMk eta Volvok 2.300 langiletik gora kaleratuko dituzte munduan

Volvok lau aldiz iragarri ditu kaleratzeak azken hilabeteetan, urria bitartean 3.000 lanpostu kendu zituen

2009ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Matrikulazioen inguruan, datu kaskarrekin amaitu zen 2008a, eta 2009a, berriz, datu horrek utzitako ondorio larrienarekin hasi da, kaleratzeekin, alegia. Guztira, autogintza enpresetako 2.364 langilek lana galduko dute mundu osoan: Volvo enpresak 1.620 kaleratze iragarri ditu, eta General Motorsek, berriz, 744.

Volvok azken sei-zazpi hilabeteetan iragarri dituen laugarren kaleratzeak izan ziren atzokoak. Urria bitartean guztira 3.000 lanpostu kenduko zituela azaldu zuen. Horiei, baina, beste 1.620 langile batu behar zaizkie: Tuve eta Umea kamioiak ekoizten dituzten lantegietako 1.020, eta Powertrain filialeko 600. Kaleratzeak arrazoitzeko, eskaerak behera egin duela esan zuen.

Volvok ez du epe motzera begira egoera hobetzerik espero. Egoera ekonomikoa «txarra» dela adierazi du, eta ez duela errekuperatzeko itxurarik. 2008. urteko hirugarren hiruhilekoan 103.000 langile zituen Volvok mundu osoan.

GMk, berriz, 744 behargin utziko ditu lanik gabeSao Jose dos Campos herrian duen lantegian (Brasil). Hala jakinarazi du, behintzat, herri horretako Metalurgiako Langileen Sindikatuak. Horren arabera, kaleratuko dituzten 144 langilek soilik daukate kontratu finkoa, gainontzeko 600ak hirugarren enpresetatik edo denboraldi baterako agentzietatik kontratatu dituzte.

Bestetik, Iveco kamioiak egiten dituen enpresa italiarrak 1.200 langile bi astez langabezian utziko dituela iragarri du: otsailaren 9tik 22ra.

Suzukik ekoizpena etengo du

Suzuki Japoniako autogileak, berriz, otsailean produkzioa etengo du herrialde horretan dituen bost lantegietan. Hiru eta zortzi egunez geldituko du produkzioa, betiere lantegiaren arabera. Joan den astean Japoniako autogileen elkarteak 2008ko autoen salmenten datuak eman zituen, eta 1974tik izandako okerrenak izan zirelajakinarazi zuen: 2007an baino %6,5 auto gutxiago saldu ziren.

Daimlerreko langileek ere nabarituko dute enpresak salmentetan izandako jaitsiera, lan astea bost egunetik lau egunera jaitsiko baitiete. Neurri horrek Alemaniako sei lantegietako 35.000 behargini eragingo die. Mercedes eta Smart markak ekoizten dituen enpresak eskaera eta produkzioa egokitu beharrean dagoela azaldu du.

Testuinguru horretan, Peugeotek eta Citroenek urteko emaitzen berri eman dute, eta salmentak %4,9 jaitsi direla jakinarazi dute. Guztira, 2007an baino 3.260.000 auto gutxiago saldu dituzte. Hala eta guztiz, munduko kuota %5ean mantendu dute. Aitzitik, Volkswagenek inoiz baino gehiago saldu du 2008an, 6,23 milioi auto guztira, eta emaitzak %0,7 handitu ditu. «Pozik» agertu da enpresa, «urte zail batean» agindutakoa bete dutela uste baitute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.