CCOOk eta UGTk pentsioen erreformaren aurkako lehen manifestazio handiak egiten zituzten egun berean, Espainiako Bankuko gobernadorearen sostengua jaso du Madrilgo gobernuak. Miguel Angel Fernandez Ordoñezen esanetan, pentsioen eta lan merkatuaren erreformak «norabide egokian» doaz. Hirugarren erreforma bat ere proposatu du Espainiako Bankuko gobernadoreak: negoziazio kolektiboa alde batera uztea, enpresaz enpresako lan itunen mesedetan.
Fernandez Ordoñezen aldeko hitzak ez dira harrigarriak, erreforma bata zein bestea eskatu zituelako iaz. Orduan ika-mika izan zuen Espainiako Gobernuarekin, eta erretiroaren adin ofiziala atzeratzeko aukerarik ez zegoela eta kaleratzea merkatzeko neurririk hartuko ez zutela erantzun zioten. Orain, berriz, erretiratzeko adina 65 urtetatik 67 urtetara atzeratzeko proposatu du Madrilek berak. Pentsioa kalkulatzeko aldia luzatu nahi luke Gobernuak, baina ez du zuzenean proposatu.
Erretiratzeko adina atzeratzeak «era nabarmenean lagunduko lioke pentsio sistemaren orekari», esan zuen atzo Fernandez Ordoñezek, Expansion egunkariak antolatutako jardunaldietan. Berez, pentsio sistemak superabita izan du azken urteotan -iaz 8.500 milioi eurokoa-, kotizazioak handiagoak baitira pentsi- oetan egiten den gastua baino.
Baina pentsio sistemaren erreforma baino lehenago beste bi egin behar direla uste du Espainiako Bankuko gobernadoreak: lan merkatuarena eta negoziazio kolektiboarena. Lehena «ezinbestekoa» iruditzen zaio Fernandez Ordoñezi, baina oharra egin dio Gobernuari: erreformak ezin du «azalekoa» izan, Espainiaren lehiakortasuna kalte egingo liokeelako. Haren ustez, «enplegua sortu nahi duten enpresaburuak atzera botako ez dituen» kontratu mugagabea beharrezkoa da. Beste hitzetan, kaleratze kasuetan kalte-ordain txikiagoa emango lukeena.
Baina are «premiazkoagoa» da negoziazio kolektiboaren aldaketa. Funtsean, gobernadoreak uste du ez liratekeela akordio orokorrik edo sektorialik egin beharko, baizik eta enpresaz enpresako lan itunak, lantoki bakoitzari «komeni zaionaren» arabera.
Fernandez Ordoñezek metafora baten bidez esan du krisiaren errua ez dela Zapaterorena, baina erabakiak hartzeko eskatu dio: «Ekaitza datorren bakoitzean ura sartzen uzten duten zuloak agertzen dira, eta oso garestia da horiek estaltzea. Nabaria da ekaitza ez dela itsasontziko patroiaren errua, baina haren esku dago hondoa jo aurretik konpontzea. Itsasontzia ez da hondoratzen ari, baina besteekin alderatuta, oso motel dabil lehiakortasunean edo langabeziaren murrizketan».
Milaka lagun protestetan
Fernandez Ordoñezen oso bestelako iritzia azaldu zuten pentsioen erreformari buruz atzo, CCOOk etaUGTk deituta, Madrilen, Bartzelonan eta Valentzian bildutako milaka lagunek. Erreforma bertan behera uzteko eskatu zuten Madrilen Ignacio Fernandez Toxo CCOOko idazkari nagusiak eta Candido Mendez UGTkoak. Bilbon larunbatean izango da sindikatu horien manifestazioa, baina atzo CCOOko ordezkari batzuk bildu ziren Confebasken egoitzaren aurrean, Unai Sordo idazkari nagusia buru zutela.
CCOOren eta UGTren mezuak entzun egingo dituela erantzun du Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak. «Ados ez daudenak entzuten ditu Gobernuak; ez da dekretukaden Gobernua izan, eta ez da izango, eta are gutxiago lan harremanen eta gizarte babesaren esparruetan».
Gobernuaren erreformekin bat egin du Espainiako Bankuko gobernadoreak
Sindikatuen protesta mezua entzungo duela esan du Zapaterok, manifestazio handien lehen egunean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu