Gobernuaren murrizketei grebekin erantzun diete Greziako sindikatuek

1.200 eurotik gorako pentsioak %20 jaitsi eta 30.000 funtzionario kaleratze bidean jarri ditu Atenasek

2011ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Bi egunez Europako Batasuneko (EB), Europako Banku Zentraleko (EBZ) eta Nazioarteko Diru Funtseko (NDF) ordezkariekin bilduta egon ostean, defizit publikoa murrizteko neurri gehiago hartu beharko dituela baieztatu zuen Evangelos Venizelos Greziako lehen ministroak atzo Parlamentuan. Goizeko agerraldian ez zuen zehaztu zeintzuk izango diren neurri horiek, ezta beharrik ere, gobernua berriz ere nazioarteak jarritako baldintzetara makurtu dela jakite hutsak sutan jarri baitzituen lehendik ere nahikoa haserre zeuden herritarrak. Hori hala, etenik ez duten protestak gogortzea erabaki dute herrialdeko sindikatu nagusiek, eta bi greba egun antolatu dituzte datozen egunetarako: urriaren 5erako sektore publikoko langileak deitu dituzte lanuztera, eta urriaren 19rako langile guztiak.

«Fronte bateratu bat osatuko dugu Greziako herria deuseztatzea helburu duten neurrien kontra protesta egiteko», adierazi zuen Ilias Iliopolus ADEDY funtzionarioen sindikatuko bozeramaileak. «Bada garaia nazioarteko hartzekodunek eta gobernuak alde egiteko, [Greziako] gobernuak dagoeneko ez baitu agintzen jarraitzeko zilegitasunik». ADEDY eta GSEE sindikatuak dei egin diete langileei mobilizatzera; bien artean bi milioi afiliatu dituzte.

Parlamentuko saioa bukatu zutenean bildu zen gobernu taldea, Venizelos buru zutela, neurri zehatzak erabakitzeko. Sei ordu behar izan zituzten, baina batzarrak esperotako emaitza izan zuen, aurreko egunetan Greziako hedabideek aurreratutako neurri guztiak onartu baitzituzten: erretiro pentsioak jaistea, milaka funtzionario kaleratzea eta zergak igotzea.

Zehazki, %20 jaitsiko dituzte hilean 1.200 eurotik gorako erretiro ordainak; 55 urte edo gutxiago dituzten erretiratuei, berriz, %40 jaitsiko dizkiete pentsioak. Horrez gain, 30.000 funtzionario kaleratze aurreko egoera batean jarriko dituzte urtebetez, soldata %60 jaitsita. Denbora horretan beste lan bat topatzen ez badute, kaleratu egingo dituzte. Sektore publikoko langileen soldatak jaistea ere adostu dute. «Soldata sistema garden, fidagarri eta bidezkoa» sortuko dutela aurreratu dute, baina inolako kopururik eman gabe. Aditu batzuek diote jaitsiera %15 ingurukoa izan daitekeela.

Zergen esparruan ere hainbat aldaketa egitea erabaki dute. Batetik, ondarearen gaineko zerga sortuko dute: 2014ko urtarrilaren 1a bitarte, herritarrek 50 zentimo eta hamasei euro artean ordaindu beharko dute jabetzan dituzten ondare higiezinen metro koadro bakoitzagatik. Bestetik, errentaren gaineko zerga pagatzeko gutxieneko diru sarreren maila urteko 8.000 eurotik 5.000 eurora jaitsi dute. Azkenik, enpresa eta erakunde publikoak pribatizatzeko egitasmoa bizkortzea, eta horrekin batera baita lan merkatua eta hainbat lanbide liberalizatzea ere, taxi gidariena, notarioena, abokatuena eta farmazietako langileena, esate baterako.

«Erabaki hauekin euroaren eremuko gainerako kideei eta nazioarteko merkatuei Greziak bere betebeharrak betetzea nahi duela eta ahal duela erakusten diegu, betiere eurogunearen eta Europako Batasunaren erdigunean jarraitzeko intentzioarekin», adierazi zuen Ilias gobernuko bozeramaile ofizialak.

Nazioarteko erakundeekin hitzartutako murrizketa neurriak onartuta, erreskatearen seigarren zatia hurbilago du orain Greziak. Hala ere, gutxienez astelehenera arte ez du izango jasoko duen ziurtasunik, orduan bilduko baita berriz EBko, EBZko eta NDFko ordezkariekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.