Super Mariok bezala gainditu ditu bidean agertu zaizkion oztopoak Mario Draghik, eta ezustekorik ezean, Europako Banku Zentraleko presidente bihurtuko da azaroan, Jean Claude Tricheten ordez. Bolo-bolo ibili da haren izena azkenaldian, eta Europako Batzordeak ofizialki izendatu zuen atzo.
Draghik gainditu beharreko lehen zailtasuna Axel Weber alemaniarra izan zen. Hura zen EBZko presidentetza hartzeko hautagai nagusia, alde handiz gainera. Bere kabuz erori zen, otsailean Tricheten ordezko izateko hautagaitza erretiratzea eta Alemaniako Banku Zentraleko presidentetza uztea erabaki baitzuen, ez zegoelako ados EBZren zorra erosteko programarekin.
Jatorriak ere ez dioaskorik lagundu Draghiri. Alemaniako Bild egunkariak honela publikatu zuen Weberrek hautagaitza erretiratu eta EBZko buru italiar bat izan zitekeela ikusitakoan: «Mamma mia». «Italiarrentzat, inflazioa bizitzeko era bat da, espagetiak tomatearekin bezala», gaineratu zuen. Alabaina, Italiako Banku Zentralean egindako lanak ospea eman dioDraghiri. 2005etik da hango gobernadore. Aurrekoak, Antonio Faziok, eskandalu handia sortu zuen atzerriko bankuek Italiakoak erostea saihestu nahi izan zuelako. Erakundeari sinesgarritasuna berreskuratzen lagundu diolako txalotu dute.
Curriculumetik atera zaio beste aurkari bat: Goldman Sachsen Europako presidenteorde karguan egindako urteak (2002-2005). Erakunde horri Greziari kontuak makilatu eta egoera ezkutatzen laguntzea leporatzen diote. Hori bera erakundean sartu aurretik egin zela azaldu du Draghik, eta sektore pribatuko bezeroekin lan egiten zuela gaineratu. Italiarra balekotzat hartu dute Sarkozyk eta Merkelek. Trukean, EBZko zuzendaritzak frantziar bat egotea lortu du lehenak. •
Soslaia. Mario Draghi
Goldman Sachs ez da oztopo
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu