Gonzalez, liluratuta Espainiaren ausardiaz

BBVAko presidenteak erreforma gehiago eskatu dizkio Raxoiri, «oraindik asko dagoelako egiteko»

Miren Garate.
2012ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
«Guztiok kolaboratu eta jarraitu behar dugu erreforma eta murrizketa sakonen bide gogorrean».Hala esan du Francisco Gonzalez presidenteak BBVAko akziodunen batzarrean. Ez da, noski, erreforma horiek gehien eragingo dien pertsonetako bat. Lan erreformari abantaila atera ahal izango dio, langileen baldintzak aldatzeko izango duen aukeragatik. Pentsio aldetik ere ez du kezkatzeko motibo handirik; hala ematen du, behintzat, duen soldatari begiratuta: iaz, 4,9 milioi euro irabazi zituen.

Egoera horrek ematen dion lasaitasunetik, ozen txalotu ditu Espainiako Gobernuak hartutako neurriak. «Zorionez, arazoei aurre egiten dien eta neurri ausartak hartzeko prest dagoen gobernua du Espainiak». Orain arte bultzatutako erreformei esker, nazioarteak Espainiarekiko duen ikuspegia aldatzen ari dela dio.

Hala ere, ez geratzeko eskatu dio Mariano Raxoi presidenteari. «Oraindik asko dago egiteko». Harenustez, neurri horiek izango dute saria. «2013an fruituak ikusteko aukera izango dugu, eta hazkunde iraunkor bat hasiko da». Izan ere, krisiak krisi, baikor egoteko motiboak badaude, Gonzalezen iritziz. «Espainiak baditu hainbat ahulezia, lehiarako gaitasuna kentzen diotenak eta krisiaren ondorio negatiboak sustatzen dituztenak. Krisiak aukera ematen du horiei aurre egiteko».

BBVA bera jarri du adibidetzat. «2000. urtetik naiz presidente, baina inoiz ez dut bankua hain sendo eta hainbesteko etorkizunarekin ikusi». Gonzalezek dio «garaiezina» dela finantza erakundeak gaur egun duen posizioa. Akziodunak ere lasaitu ditu, akzioko 0,42 euroko dibidenduari euts diezaiokeelako. «Ordainsari bikaina da». Gaineratu du, Kataluniako Unnim bankua erosi arren, arazo gabe gaindituko dituela Europako Bankuek Agintaritzak finkatutako baldintzak. Joan den astean jakin zen BBVAren esku geratuko dela Unnim. Berehala iragarri zuen Katalunian dituen sukurtsalen %30 itxiko dituela. Hau da, 314 bulego itxi eta 1.266 langile kaleratuko dituela.

«Konponbide onak» bilatzen saiatuko dela agindu die sindikatuei, eta, ahal den heinean, aurretiazko erretiroen formula erabiliko duela adierazi die, «guztion interesekin bat datorrelako». Bere buruarentzat, ordea, ez du halakorik nahi BBVAko presidenteak. Akziodunen batzarrean kontseilarien erretiro adina 75 urtera atzeratu baitute. Gonzalezek 67 urte ditu, eta, aldaketari esker, 2020ko martxora arte jarraitu ahal izango du karguan.

Batzarrean, akziodunetako batek karguan ez «betikotzeko» eskatu dio, azken urteotan erakundeak 5.000 aurretiazko erretiro baino gehiago egin dituela aurpegiratu ostean. Gonzalezek erantzun dio munduko hainbat enpresaren kasuak aztertu dituztela, eta orokorrean ez dagoela adin mugarik; dagoenetan, berriz, 72 eta 75 urte artekoa dela.

Batzarra, protesta artean

Aurreko urteetan bezala, batzarraz baliatuz, protestak ere izan dira. LABek eta Adicae bankuen erabiltzaileen elkarteak elkarretaratzea egin dute, krisi garaiotan bankuetako zuzendariek dituzten irabaziak salatzeko.

BBVAren aurkako plataformako kideak ere han izan dira. Trajearekin jantzitako bost lagunek pintura gorria bota diote euren buruari, eta «BBVA hiltzailea», «zuen dirua odolez zikinduta dago» eta antzeko oihuak egin dituzte. Azaldu dute, gainera, finantza erakundeak arma industria finantzatzen duela eta hipoteka ordaindu ezinda geratu diren hainbat familia kaleratzearen arduraduna dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.