AEBetako agintari federalek lortu ez zutena lortu dute Europako Batasunekoek: Googlek bere bilaketen emaitza erakusteko modua aldatzea, lehiakideei orain baino presentzia handiagoa emateko. Lehen aldia da Googlek men eman duela halako eskaera baten aurrean, nahiz eta arriskatzen zuen isuna ez zen ordaingaitza harentzat: 5.000 milioi euro Googleren urte erdi bateko irabazia baizik ez da.
Hiru urte eta hiru proposamen behar izan ditu Googlek Europako Batasunarekin zuen ika-mika ixteko zorian uzteko. 2010eko azaroan ireki zuen ofizialki haren aurkako ikerketa Europako Batzordeak, bere lehiakideak baztertzen zituelakoan. Hiru urte hauetan negoziatzen aritu dira AEBetako konpainia eta Joaquin Almunia EBko Lehia komisarioaren taldea. Bere lehiakideei leku gehiago emateko bi proposamen aurkeztu zituen aurretik Googlek, baina Bruselaren ezezkoa jaso zuen.
Hirugarrena, berriz, begi onez ikusi du Almuniak. «Bere proposamenean, Googlek onartu du bere web orrian bilaketa zerbitzu berezituak sustatzen dituenean (produktuak, hotelak, jatetxeak...), hiru lehiakideren zerbitzuak ere erakutsiko dituela, modu objektibo baten bidez aukeratuta, eta erabiltzaileek modu argian eta konparagarrian ikusi ahal izango dituztela, Googleren zerbitzu propioen moduan».
Adibide baten bidez azalduta: norbaitek «hotelak Donostian» bilatuz gero, lehen begirada batean Googlen bezeroak azalduko zaizkio, eta haren azpian bilaketa ohikoenak; EBri proposatutakoa indarrean jarriz gero, bere hiru lehiakide erabilienen bilaketak ere agertuko lirateke Googleren beraren bezeroen ondoan.
Googlek proposatutako aldaketen adibideak modu argiago batean azaldu ditu Europako Batzordeak.