Bruselatik ez ezik, Paristik ere iristen hasi zaizkio arazoak Googleri. Frantziako Lehia Agintaritzak 220 milioi euroko isuna ezarri dio Googleri, Internet bidezko publizitate zerbitzuetan duen nagusitasuna erabili duelako lehiakideak baztertzeko. Agintaritzak egiaztatutzat jo du AEBetako konpainiak Google Ad Managerren teknologiari lehentasuna eman diola haren sistema propioak erabili nahi zituztenen aurrean.
Hiru komunikazio taldek jarri zuten salaketa Googleren aurka: News Corrpek, Le Figaro-k eta Rossel taldeak. Le Figaro-k auzia bere borondatez utzi zuen, 2020ko azaroan.
Frantziako Lehia Agintaritzak nabarmendu du enpresak ez dituela salaketak arbuiatu, eta «arazoak» konpontzeko lan egingo duela esan dio.
Internet bidezko bilaketetan eta on line publizitatean duen nagusitasuna zigortu nahi izan du hainbat aldiz Europako Batzordeak. Gutxienez hiru isun jaso ditu Googlek, azkena 2019ko martxoan: 1.490 milioi euroren isuna jarri zion Margrethe Vestager Lehia komisarioak, haren posizioa abusuz baliatzeagatik. Aurreko bi urteetan bilatzaileari jarritako beste bi isun handien ondoren iritsi zen hirugarrena, eta dagoeneko 8.250 milioi euroren isunak jaso ditu Googlek Europako Batasunean, aurreko biei helegitea jarri badie badie ere.