Aurten amaituko zaie txandakako kontratua Oiartzungo (Gipuzkoa) Catelsa enpresako sei langileri, eta datorren urtean beste hiruri. Horrez gain, behin-behineko zazpi langilek apiril amaiera arteko kontratua dute. Horiek guztiak kaleratu beharrean, kontratu finkoak egiteko eskatu dute enpresako langileek. Langile batzordeko presidenteak mugagabeko gose greba hasi zuen atzo lankideei elkartasuna adierazteko. Txandakako kontratua bukatzear duten beste bi langile, berriz, enpresa kanpoan egongo dira eguneko 24 orduetan.
Kalean geratuko diren langileek zortzi eta hamabi urte artean egin dituzte enpresan, nahiz eta ez eduki kontratu finkorik. «Txandakakokontratuen madarikaziozko gurpil honekin, erabateko prekarietatean jartzen gaituzte, erabili eta botatzeko produktuak bagina bezala», adierazi dute Catelsako LABeko ordezkariek. Sindikatuak emandako datuen arabera, 2000. urteaz geroztik 208 kontratu egin ditu Catelsak, horietatik %90 aldi baterakoak eta gainerako %10ak finkoak, gehienak administrazioan. «Txandako kontratuak dituzten asko kaleratu eta berriro hartu dituzte aldi baterako kontratuak eginda. Orain kendu, orain jarri, hala tratatzen dituzte langileak».
Lintzirin industrialdean dago Catelsa, eta autoentzako kautxuzko materiala egiten dute; 85 langile ditu. 66 ekoizpen plantan aritzen dira; horietatik 54k behin betiko kontratua dute, eta hamalauk, berriz, behin-behinekoa. «Lantokian aritzen garenen %21 aldi baterako gaude, proportzio oso handia da. Argi dago lantokiko langileak finko egiterik ez dutela nahi». Gainerakoak bulegoetan aritzen dira eta han ia guztiek mugagabeko kontratuak dauzkate.
Ekoizpena,ekialdera
Zuzendaritzari eman diote langileek eskaeren berri, eta protesta egingo dutela ere jakinarazi diote. «Oraingoz, ez dugu erantzunik jaso. Gu prest gaude epeei buruz eta hitz egiteko, baina langileei kontratu finkoak egiteko konpromisoa eskatzen dugu». Orain artean zuzendaritzak emandako azalpenen arabera, «taldearen politika» da jendeari mugagabeko kontratuak ez egitea. Hutscinson multinazionalaren menpeko enpresa da Catelsa, eta «eskulan merkeagoa lortzeko», ekoizpena ekialdeko herrialdeetara ari dela eramaten gaitzetsi dute.
Gose greban egongo den langileak nahiz lantoki kanpoaldean egongo diren beste biek babes handia izango dutela adierazi du LABek. «Ogitartekoa jateko ordu erdian kanpora aterako dira langile guztiak, eta baita lanorduetatik kanpo ere. Ordu sindikalak eta opor egunak gastatu behar baditugu ere elkartasuna erakutsiko dugu, amaiera egoki bat lortu arte».
Gose greba hasi du Catelsako langile batek, kontratu finkoak eskatzeko
LABek salatu du 2000tik enpresak 208 kontratu egin dituen arren %10 bakarrik izan direla finkoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu