Larunbatera bitartean egingo duten lanuztearen baitan, Correosek Donostian duen egoitzaren aurrean elkartu dira Gipuzkoako garbitasuneko langileak. Ondoren, manifestazioa egin dute hiri erdiko kaleetan zehar. Grebaren erantzunari buruzko datu zehatzik ez dutela esan dute, nahiz eta nabarmendu protesta "agerikoa" dela "zentro handietan". Horien artean aipatu dituzte Kursaala, Ficoba, Miramar jauregia, Bretxa eta Urbil merkataritza guneak, EITBren egoitza eta Tolosako, Azkoitiko, Urnietako eta Ordiziko udaletxeak.
Protestaren bidez, enpresa handiak egiten ari diren "iruzurra" salatu nahi dute. Kexu dira, enpresek bezeroei KPI igoera eskatzen dieten arren, langileek soldatak izoztuta dituztelako.
Sektoreko hitzarmena 2009an iraungi zen, eta iazko uztailaren 8rako hura indargabetu zuten enpresa handiek. «Erreformaren ondorioz, ultraaktibitatea amaitu eta hurrengo egunean hartu zuten erabakia», azaldu zuen Edurne Iriondo ELAko kideak joan den astean. Soldata izozturik dute aspaldian, eta antzinatasuna ez diete pagatzen udalekin, enpresekin eta administrazioarekin azpikontratatuta lortzen dituzten enpresa horiek. «Lasarte, Urnieta eta beste zenbait udaletako ordezkarien bidez jakin dugu KPIa igotzeko eskatzen dietela, eta, aldiz, gure soldata murriztu eta murriztu ari dira».
Formula erreza erabiltzen dute ELAren eta LABen arabera. «Eraikuntzak garbitzeko kontratuak lortzen dituzte prezioak botata, eta gero langileen soldatak jaisten dituzte». Negoziazioak ez atzera ez aurrera daude aspaldian, «oso jarrera itxian» dagoelako ASPEL patronala, Espainiako CEOEko kidea. «Madrilen negoziatu nahi dute itun berriaren prozesua, Gipuzkoako errealitatea bazter utzita». Eta egoera horri aurre egiteko, mobilizazioan aurrerapausoa ematea erabaki dute.
Astebeteko grebak ondorioak izango ditu Gipuzkoako eraikuntza publiko askotan eta hainbat enpresatan. Besteak beste, toki hauetan igarriko da garbitzaileen lanuztea: Onkologikoan, sare pribatu eta itunpeko eskoletan, Eibar, Lasarte, Urnieta, Beasain eta beste herri askotako eraikuntza publikoetan, enpresa handi askotan —tartean CAF, Inasmet eta CIE Automotive— eta Urbil, Bretxa eta beste hainbat merkataritza gunetan. Osasunean eta hezkuntzan (0-2 urte artekoan) gutxieneko zerbitzuak ezarriko ditu Jaurlaritzak, baina astebeteko grebaren ondorioak begien bistakoak izan daitezke egun gutxian.
KPIari lotutako soldatak
Pilsa, Eulen, Clece eta Samsix Ibericak eta beste enpresek ez dute asmorik lan erreformari uko egiteko, sindikatuek diotenez, baina erreforma horrek jasotzen dituen «alde kaltegarrienak» alde batera utzi beharko dituzte sektoreko ituna sinatuko bada. «Ultraaktibitate luzea eskatzen dugu, mugagabea edo urte askotakoa, ituna urratzeko aukera baztertzea, eta soldatak KPIari lotzea». 2009tik gaur arteko KPIaren portzentaje batzuk eskatzen dituzte, ez KPI osoa.
Erreibindikazio horiekin ados dira sektorean ordezkaritza duten beste sindikatuak ere (CCOO, UGT eta ESK); grebara, ordea, ELAk eta LABek deitu dute, ordezkaritzaren %70aren indarrez.