Europako Batasuna

Greba eguna Grezian, Tsiprasen agintaldiko lehena

Oihartzun handia izan du zerbitzu publikoetan, eta txikiagoa pribatuan. Milaka lagun manifestatu dira Atenasen.

Kartelak grebara deitzen, Atenasko kale batean. YANNIS KOLESIDIS, EFE
Iker Aranburu.
2015eko azaroaren 12a
12:57
Entzun

"Austeritate eta pobretze politikaren aurkako" greba egunak administrazioaren zatirik handiena itxi du, eta ospitaleetan gutxieneko zerbitzuak baizik ez egotea ekarri du. Farmaziak, museoak eta gune arkeologikoak ez dituzte ireki, eta telebista eta irratietan artxiboko programak dira nagusi. Saltokietan aurreko deialdiek baino erantzun handiagoa izan du grebak, baina, Atenasen behintzat, asko ireki dituzte. Enpresa gehienetan ere ez du jarraipen handirik izan. Eskola batzuk itxita egon dira, baina beste asko, irekita.

Poliziaren arabera, 20.000 lagunek hartu dute parte Atenasko manifestazioan. Istilu txiki batzuk ere izan dira.

2010. urtean Greziaren krisia lehertu zenetik sindikatuek deitutako 41. protesta eguna da, baina lehena Alexis Tsiprasek gobernua bigarren aldiz osatu zuenetik, joan den irailean. GSEE sektore pribatuko sindikatu nagusiak, sektore publikoko Adedyk eta beste erakunde txikiago batzuek antolatu dute greba, eta, kontraesanezkoa dirudien arren, Syriza gobernuko alderdi nagusiaren lan arloaren babesa jaso du. Grebaren bidez kreditu emaileak estu hartu ditzakeela argudiatu dute Syrizako kideek. Gobernuak ukatu egin du bi aldeak jokatu nahian dabilela, baina jarrera ulerkorra azaldu du grebalariekiko. "Indarrean jartzen ari garen akordioaren baldintzak gogorregiak dira", argudiatu du Olga Gerovasili gobernuko bozeramaileak.

Udan Tsiprasek eta euroguneko erakundeek sinatutako hirugarren erreskatearen truke, Greziak 86.000 milioi eurora arte jasoko ditu hurrengo hiru urteotan bere finantzaketa beharrak betetzeko. Baina diru horren truke oso baldintza gogorrak onartu beharko ditu, hala nola BEZa eta zerga gehienak igotzea eta pentsioak gehiago jaistea. Baldintzak betetzen hasi da Tsiprasen gobernua, baina ez hartzekodunek nahi bezain bizkor. Astelehen honetan 2.000 milioi euroko ordainketa bat atzeratu zuen eurotaldeak (Finantza ministroen taldeak). 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.