ELAk eta LABek gaur goizean egin dute grebarako deialdia Dia kateak Bizkaian dituen 35 supermerkatuetan. Horren bidez, salatu nahi dute horietako 300 langileek lan baldintza txarrak dituztela eta enpresako zuzendaritzak negoziatzeari uko egiten diola. "Gure egoera konpondu beharrean, gure lan baldintzak are prekarioagoak egin gura ditu, Dia&Go supermerkatuak irekitzean egin duen bezala, non ordutegiak eskandaluzkoak diren, eta langileen lan bizitza eta norberaren bizitza kontziliatzea are zailagoa den", azaldu dute sindikatuek, ohar baten bidez.
2017ko abendutik hona bost greba egun egin dituzte langileek, haietako %80 emakumeak. Protestek ez dutela oraingoz ezer askorik lortu diote ELAk eta LABek: "Enpresa beldurraz baliatzen da oraindik ere: kaleratzeak, erabateko malgutasuna lanaldietan, lan karga gehiegizkoak, aparteko orduak aitortu gabe, eta eguneroko lana egiteko tresna desegokiak, osasuna arriskuan jartzen dutenak".
Dia & Go supermerkatuetan enpresak ezarri nahi dituen ordutegiek merkataritza ordutegiekin talka egiten dutela diote sindikatuek. "Azkenean baimendu eta ezarriko balira, auzoetako denda txikien amaiera izango litzateke".
Sindikatuek azalpenak emango dituzte bihar goizean Barakaldoko Bide Onera plazan, eta, gero, handik bertatik manifestazio bat abiatuko dute.
Gipuzkoan ere, haserre
Bizkaian ez ezik, Gipuzkoan ere greba egitera deitu dituzte DIAko langileak, ostegunean. Haren bidez, enpresa batzordeak (ELA, LAB, CCOO eta UGT) "lan baldintza penagarriak" salatu nahi ditu."Lan prekaritatea eguneroko ogia da: ordukako lanak, lanaldi mugagabeak eta oso soldata txikiak daude". Enpresak langileak nahierara ordutegiz eta dendaz aldatzen dituela gaineratu dute.
Gainera, sindikatuek salatu dute azken hilabeteetan gaixo baimenarekin zeuden hamabi langile kaleratu dituela enpresak.