Greba eskubidea ere «arautu» nahi du Espainiako patronalak

CEOEk iragarri du Espainiako Gobernuak mutualitateei buruzko legea aldatuko duela hiru hilabeteko epean

Iker Aranburu.
Donostia
2012ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Lan merkatuaren eta negoziazio kolektiboaren erreformarekin aspaldiko bere eskakizun nagusia bete ondoren, Espainiako patronalak dagoeneko aukeratu du zein izango duen bere hurrengo helburua: greba eskubidea. Ziur dago erreforma gehiago etorriko direla, eta iragarri du horien artean mutualitateena prest egongo dela hiru hilabete barru. Absentismoa mugatzeko balioko duela espero du.

«Ezinbestekoa da greba eskubidea arautzea», ziurtatu zuen atzo Circulo de Empresarios enpresaburuen elkarteko buruak, Claudio Boadak. Horrela, bezperan Juan Rosell CEOE patronal nagusiko buruzagiak abiatutako bideari jarraitu dio Boadak. Rosellen arabera, beharrezkoa da grebari buruzko legea «ahalik eta lasterrena» aldatzea, «ez baita zilegi batzuen eskubideak defendatzeko beste batzuen eskubideak zapaltzea».

Greba arautzen duen dekretua 1979koa dela nabarmendu du sarritan patronalak, eta «modernizatu» beharreko araua dela dio. Rosellen arabera, lan merkatuaren erreforma Espainiako Kongresuan aztertzen duten unea egokia izan daiteke horretarako.

Rosellek «oso-oso ziur» dauka beste erreforma batzuk ere etorriko direla. Horien artean izango da mutualitateei buruzkoa. Arturo Fernandez CEOEko lehendakariordeak herenegun azaldu zuenez, Espainiako Gobernuak lege hori prestatzen ari da, eta hiru hilabete barru izango da prest. Haren iritziz, «absentismoaren bizioari» helduko dio lege horrek. Lan erreforma indarrean jartzen bada, enpresek eskubidea izango dute langile bat kalera botatzeko hiru hilabetean bederatzi egunez agertzen ez bada, gaixo agiria izanda ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.