Greenspan, bidegurutzean

AEBetako ekonomia bultzatzeko asmoz, diruaren prezioa jaitsiko du Erreserba Federalak, baina %0ko muga gertu du jada

joxerra senar
2003ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Alan Greenspan AEBetako Erreserba Federaleko presidentea bidegurutzera iristear dago. Inork ez du zalantzan jartzen gaur banku zentralak interes tasak berriro jaitsiko dituenik, munduko lehen ekonomiak makal jarraitzen baitu, susperraldirik lortu ezinik. Greenspanen sendagaia, ordea, agortzear egon liteke, gaur egun dolarraren prezioa %1,25ean baitago azken 40 urte pasako mailarik txikienaeta %0ko muga oso gertu baitu.

Dudarik gabe, mundu osoko merkatuak eta inbertsiogileak Erreserba Federalaren erabakiaren zain egongo dira. Denek ematen dute ziurtzat beherakada; puntu laurden edo puntu erdi, horixe da zalantza bakarra, eta hartzen den neurria hartzen dela, horrek atzean ezkuta dezakeen errealitatea dezifratzen saiatuko da finantza mundua.

Eztulka dabil ibili azkenaldian AEBetako ekonomia. Makalaldian murgilduta dago. Iraganean hainbat ekonomia ahotsek aurreratu zuten AEBetako ekonomiaren susperraldia etorriko zela eta etorriko zela. Baina ez da etorri. Orain gutxi, Greenspan berak iragarri zuen hazkundearen erritmoa «azkartzea» espero zuela, baina ez aurten, askok pentsatzen zuten bezala.

Ekonomiaren bilakaeran esku hartzeko duen errezetarik eraginkorrena da interes tasen jaitsiera (edo igoera). Tasak jaitsiz gero, kontsumoa suspertzeko pausoa ematen da, eta bide batez, produkzioa, inbertsioak... Hori dio teoriak. Kontuan hartu behar da kontsumitzaile estatubatuarrak ekonomiaren hauspoa direla, Barne Produktu Gordinaren %70 gastatzen baitute.

Motelaldiaren lehen zantzuakagertu zirenean, 2001eko urtarrilean, ekin zion tasak jaisteko bideari. Geroztik, Erreserbak 11 aldiz merkatu du diruaren prezioa, %6,5etik %1,25era, baina horrek ez du behar adina piztu kontsumoa.

Azken datuak

Baina zergatik adituek ziurtzat ematen dute interes tasen jaitsiera? Azken datuek ez dutelako zantzu onik agertzen. Michigango Unibertsitatea arduratzen da kontsumitzaileen kon- fiantza neurtzeaz. Iragan astean eman zuen azken datua eta adituek gora egitea espero bazuten ere, azkenean jaitsiera nabarmena izan zuen. Bestetik, ostiralean jakin zen AEBetako industriak ahul jarraitzen duela ere.

Gainera, nahiz eta euroarekiko orain 15 hilabete baino %31 merkeago egon dolarra, AEBetako esportazioak ez dira abantailaz baliatu. Merkataritza defizita murriztu egin zen lehen hiru hilabeteetan, baina inportazioak erori egin zirelako.

Denborak esango du Erreserba Federalak interes tasak jaisteko duen azkenaurreko aukera hori nahikoa den AEBetako ekonomia suspertzeko, eta bide batez, mundukoa ere (euroaren eremua, barne). Japoniakoa aspaldi atzeraldian murgilduta, eta Europako Batasuna ere zalantzaz beterik, munduko ekonomiatik tiraka egon izan dira AEBak azken urteetan. Interes tasen ustezko jaitsierak, gainera, eragina izango du euroan.

Epe ertainera, arrakasta badu, susperraldia EBra zabaltzea espero da. Baina hasi dira ahotsak esanez Greenspan azeri zaharrak usaimena galdua ote duen. Usaitu edo ez, bidegurutzean,hark hartuko du gaur erabakia.

P

MEHATXUA



Deflazioaren mamua atzean



Bidegurutzea aurrean dela, Alan Greenspanek mamu bat darama «atzean», berak hala onartuta: deflazioa. Japoniaren azken hamar urteetako amesgaiztoa den hitza, hasi da AEBak eta Europako Batasuna inguratzen. Aipatzeak ez du esan nahi deflazioan eroriko direnik Estatu Batuak, baina Greenspanek berak gaia kontuan hartzeak esan nahi du ez dela ahuntzaren gauerdiko eztula.

Deflazioa inflazioaren kontrakoa da, azken finean, eta ekonomia atzeraldirantz bultzatzen duen zurrunbiloa sortzen du. Bai ondasun bai zerbitzuen prezioen beheratze etengabea da, baina merkatzea ez da sektore batera mugatzen, guztietara baizik. Arrazoiak diru falta, maileguen murrizketa, edo enpresen eta familien gastuaren jaitsiera izan daitezke. Kontua da eskariaren krisia sortzen duela. Prezioak jaitsi, eta errentagarri eta lehiakor izateko helburuarekin, kostuak murriztera bultzatzen ditu enpresak. Langabeziak gora egiten du, eta hortik atzeraldirako pausoa alboraezina da.

AEBetan kontsumoaren gastuak duen indarra kontuan hartuta, zaila da Japonian gertatutakoa hanerrepikatzea. Greenspanen hitzetan, interes tasak berriz jaistea «burua argi» hartutako erabakia izango da, deflazio joera horri aurre egiteko. Baina ekonomiak ez badu erreakzionatzen, eta interes tasen arma ia agortuta, ba al du beste baliabiderik Erreserba Federalak deflazioaren kateari aurre egiteko? >

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.