Grezia, zutabe hauskorreko itxaropena

Aurten hazkundera itzuliko dela espero du Greziako Gobernuak; %27,8ko langabezia eta zor erraldoia zama jasangaitza dira, ordea.

Iker Aranburu.
2014ko urtarrilaren 12a
21:20
Entzun

Krisia amaitutzat jotzeko goiz dela ohartarazi du aste honetan Mario Draghi Europako Banku Zentraleko presidenteak. Eurogune osoaz ari zen, ikusten baitu garaipen keinuak ugaritzen ari direla bere inguruan. Adierazpen hori inon egia bada, Grezian da. Austeritatearen botikaren arrakasta aldarrikatzen ari dira dagoeneko agintari batzuk: Europako Batzordekoek edozein datu txukunari heltzen baitiote zuzen zebiltzala esateko, eta Greziako Gobernuko arduradunek ere, karguan geratzeko interes ulergarriaz gain, azken hiru urteotako sakrifizioek zerbaiterako balio izan dutela sinetsarazi nahi dietelako greziarrei.

Batzordeak eta Greziako Gobernuak bat egin zuten asteazkenean Atenasen. Greziak hurrengo sei hilabetez EBko lehendakaritza izango duela ospatzeko ekitaldia izan zen. Herritar batzuk saiatu ziren efemerideaz zer pentsatzen duten ozen adierazten, baina haientzako denborarik ez zuten izan Atenasko agintariek: manifestazio guztiak debekatu zituzten, eta biltzea lortu zuten protestariak indarrez sakabanatu zituzten. Amaitu dira Sintagma plaza egun batean bai eta bestean ere bai haserrearen zero kilometroa bihurtu zen garaiak.

Pobrezia gora doa
 

Inaugurazio ekitaldian ohiko hitzaldi baikorrak entzun ziren, Greziak Europan duen lekua aldarrikatzen duten estilokoak, eta krisiaren zatirik gogorrena igaro dela diotenak. "Greziak bere erresistentzia erakutsi du, eta bide onetik doa", esan zuen Jose Manuel Durao Barroso EBko presidenteak.

Baina mezu itxaropentsu horrek talka egiten du errealitate gogorrarekin. Hasteko, herritarrek egunero dutena. Milioika istorio triste laburbiltzen dituen zenbaki bat badago: langileen %27,8 lanik gabe daude. Azaroko datua da azkena, eta langabeziak hazten jarraitzen duela erakusten du. 1,39 milioi lagun daude orain lanik gabe Grezian, krisiaren aurretik baino 3,5 aldiz gehiago (385.000 ziren duela sei urte). Gazteen %58ek ez dute beharrik, eta kopuru horretan ez dira ikasleak eta soldadutza egiten ari direnak sartzen (15-24 urtekoen heren bat). Kaleratzeek, soldata jaitsiera bortitzek, zerga igoera orokorrek eta gizarte zerbitzuen okertzeak greziarren %35 pobrezian edo haren atarian utzi dituzte (%28 krisi hasieran).

Industriaren hondoratzea geratu ez den arren, Atenasko gobernuak dio hondoa jo duela atzeraldiak. «Suspertzea dagoeneko hasi da: langabezia jaitsiko da eta hazkundea izango da», ziurtatu du Antonis Samaras lehen ministroak. Baina gobernuburuak aipatzen duen hazkundea %0,6 eskas bat da; ezer gutxi, kontuan hartuta 2008tik 2012ra bere BPGaren ia %17ko galdu zuela, eta iaz beste %4 utzi zuela.

Baina bada beste datu bat, Greziak orain duen egoera gogorra ez ezik, hurrengo urteotan izango duena ere erakusten duena: Greziak 316.000 milioi euro zor zituen 2013ko bigarren hiruhilekoaren amaieran, Eurostaten arabera. Bere BPGaren %169 da hori, edo 29.000 euro greziar bakoitzeko. Kopuru hori %180ra igoko da aurki, oraindik defizita duelako (%13,5 aurten) eta nolabait estali behar duelako. Bere herritarren aurrezki tasa handiari esker bere burua finantzatzen duen herrialde batek (Japonia) eta porrot erabatekoa den beste batek (Zinbawe) baizik ez dute zor handiagoa.

Gai izango da Grezia zor hori itzultzeko? Aditu gehienek ez dute uste, hurrengo hamarkadetan Greziak urte batean bai eta bestean ere bai superabit primario handia izatera derrigortzen duelako —kontu publikoen irabazia interesen ordainketa kontuan hartu gabe—, edo sekulako hazkunde ekonomikoa. Sinesgaitza, bata zein bestea. Baliteke Europako Batasunak berak ere ez sinistea zorra maila onargarri batera jaistea dagoenik haren zati bat barkatu gabe, baina oraingoz hori ez da mezu ofiziala.

Troikarekin borrokan

Erantzuna ezezkoa izango denez, Atenasek oraingoz ez dute barkamenaren karta jokatu nahi. Nahiago dute EBren lehendakaritza erabili zorra beste modu batera txikitzeko: haren interesak merkatuta edo ordainketa epeak luzatuta. Denbora irabazteko beste modu bat, azken finean.

Arazoa jada nahiko handia izango ez balitz, beste bi faktorek larritzen dute. Bata: Grezia 2015ean da ateratzekoa erreskatetik, baina data horretara iristeko beste 11.000 milioi beharko dituela kalkulatu dute; hirugarren erreskate bat, alegia. Bestea: bigarren erreskateko hurrengo diru zatia jasotzeko troikak erreforma sakonagoak eta murrizketa handiagoak eskatzen dizkiola. 

Giro nahasi horretan datorren astean da itzultzekoa Atenasera troika ospetsua. Ez da samurra izango.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.