Grezia eurotik ateratzea eragotz dezakeen akordio bat lortu dute euroguneko hemeretzi gobernuburuek. Hamazazpi orduko bilera luzearen ondoren, Greziari hurrengo hiru urteotan 82.000 edo 86.000 milioi euro artean mailegatzeko negoziazioak irekitzeko ados jarri dira, baina diru horren truke baldintza gogorrak bete beharko ditu Alexis Tsiprasen gobernuak. Ez du, gainera, denbora galtzerik: asteazken gauerdirako erreforma inportante batzuk onartu beharko ditu Atenasko parlamentuak, haien artean BEZ zergarena eta pentsioena. Gainera, hirugarren erreskateak irauten duen denboran troika gain-gainean izango du Greziako Gobernuak.
Akordioa ez da, berez, erreskatea orain emateko, erreskate hori emateko negoziazioak irekitzeko baizik. Negoziazio horiek gaurko akordioaren inguruan egingo dira, eta, bukatu bitartean, Greziak berehala behar duen dirua banatzeko moduari buruz hitz egin behar dute. 12.000 milioi euro aipatu dituzte udarako. Uztailean 7.000 milioi behar dituztela kalkulatu dute; 3.500 milioi EBZri uztailaren 20rako itzuli behar dizkio Atenasek, eta 1.550 milioi Nazioarteko Diru Funtsari atzeratutako ordainketarenak dira.
Pribatizazio funtsa
Greziako Gobernuak pribatizazio plan sakon bat indarrean jarri beharko du. 50.000 milioi euro arteko balioa duten ondasunak funts batean sartu beharko ditu, eta horrek gidatuko duen "erakunde independente bat" arduratuko da horiek saltzeaz. Hasiera batean Luxenburgon izan behar zuen egoitza erakunde horrek, baina azkenean Atenasen izango da, Greziako agintariek kudeatuko dute, baina "Europako erakundeen begiradapean". Funts horretatik aterako den dirua, teorian 50.000 milioi horrela banatuko lirateke: 25.000 milioi Greziako bankuen berkapitalizazioa ordaintzeko izango dira, eta gainontzekoa erdibana, zati bat Greziaren zorra ordaintzeko izango da eta bestea "inbertsioetarako".
Funts horrek zalantza ugari sortarazi ditu. Komentarista askok zalantzan jarri dute Greziako Estatuak ondasun horiek badituenik. Gainera, pribatizazioen emaitza ekonomikoa askoz txikiagoa izango da ziurrenik. Azken urteotako pribatizazioekin 5.400 milioi baizik ez ditu lortu Greziako estatuak, besteak beste, hondoratzen ari den ekonomia batean oso merke saltzera behartuta baitago.
Trukean, Tsiprasek hasiera-hasieratik bilatzen zuen zerbat lortu du: zorra berregituratzeko promesa bat. Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak oso argi utzi du ez diotela zorra barkatuko, baina hura ordaintzeko epeak luzatuko dituzte eta interesak jaitsiko. Hori bai, erreformak indarrean egon arte itxaron beharko du Tsiprasek gai horri buruz negoziatzeko.
Europako Batzordeak Greziako ekonomiari laguntzeko 35.000 milioi euroren inbertsio plan bat indarrean jartzeko aukera ere mahai gainean dago.
Parlamentuen unea
Euroguneko goi bileran lortutako akordioak hainbat parlamenturen oniritzia behar du orain, eta inondik ere ez da ziurra langa guztiak gaindituko dituenik.
Grezian egoera oso konplikatuan dago Tsipras, austeritatea borrokatzeko promesarekin hauteskundeak eta erreferendum bat irabazi ondoren, austeritate neurri oso gogorrak indarrean jartzeko eskatuko baitie diputatuei. Joan den larunbat goizaldeko bozketan, gobernua sostengatzen duen ezkerreko (Syriza) eta eskuineko (Anel) alderdietako 17 diputatuk aurkako botoa eman zuten edo abstenitu ziren. Orain askoz gehiago izateko arriskua handia da, Syrizako eta Aneleko diputatu askok "umiliazioaz" hitz egin baitute, eta aldeko botorik ez dutela emango ziurtatu baitute. Larunbat goizaldean bezala, Tsiprasek oposizioaren beharra izango du neurriak indarrean jartzeko. Pentsatzekoa da gobernuaren negoziazio estrategiaren aurka epelak botata ere, Nea Demokratia kontserbadoreak, To Potami zentristak eta Pasok sozialdemokratak ez diotela traba handirik jarriko. KKE-ko komunistak eta Egunsenti Urrekarako neonaziak aurka azalduko dira
Edonola ere, litekeena da austeritate plana indarrean jarriko duena ez izatea oraingo gobernua. Urtea amaitu aurretik hauteskundeak egingo dituztela iragarri du Panos Skuretis Lan ministroak. "Une hauetan gobernuaren gehiengoarekin arazo bat dago", onartu du Skuretisek eta horrek aldaketak egitera behartuko du Tsipras. Hauteskundeak egin bitartean lehen ministroak koalizio zabal bat bilatuko du edo akordioak lotuko ditu oposizioarekin. Ulerkor azaldu da Skuretis Syrizako kritikoekin: "Ezin diot ezer aurpegiratu akordio honi baietz esaterik ez duen bati".
Baina Atenasko parlamentuak ez ezik, beste herrialde batzuetakoek ere bozkatu beharko dute gaurko ituna. Alemanian, Eslovakian, Letonian edo FInlandian zer gertatuko den ikusteko dago, Greziari euro bakar bat gehiago ez ematea eta eurogunetik ateratzea defendatzen baitute alderdietako askok.