Greziak dirua behar du. Erreformak sakonak ere bai. Baina baita denbora ere. Erreskateen truke eskatutako murrizketekin Greziako ekonomia are gehiago hondoratzen ari da, eta pobrezia are gehiago zabaltzen ari da. Hala esan dio Antonis Samaras Greziako lehen ministroak Alemaniako Bild egunkariari, eta hala esango die Angela Merkel Alemaniako kantzilerrari bihar eta François Hollande Frantziako presidenteari larunbatean. Angela Merkelek eta Jean-Claude Junckerrek atzo bertan erantzun zioten erabakiren bat hartzekotan troikaren txostena jaso eta gero hartuko dutela.
Ekaitzaren aurreko barealdia amaitzen ari da. Aurtengo abuztuak ez du zerikusirik izan iazkoarekin zorraren merkatuetan, baina arazoek konpondu gabe jarraitzen dute. Greziaren egoerak eta etorkizunak, esaterako. Euroguneko agintariek aurre egin beharko diete. Samaras eta Jean-Claude Juncker eurotaldeko presidentea —euroguneko finantza ministroak— bildu ziren atzo Atenasen; gaur Merkel eta Hollande bilduko dira, Berlinen.
«Arnasa pixka bat baino ez dugu behar, ekonomia azkar suspertzeko eta estatuaren diru sarrerak handitzeko», esan dio Samarasek Bild-i. Badaezpada, batez ere alemaniarrak lasaitzeko, ohartarazi du denbora gehiagok ez duela esan nahi diru gehiago, eta agindutakoa beteko dutela. Bi urte gehiago nahi ditu erreskatearen truke egin beharreko murrizketak indarrean jartzeko, 2014tik 2016ra arte atzeratu ahal izateko.
Samarasek, baina, ez ditu konbentzitu, ezin baitu ziurtatu diru gehiago beharko ez dutenik. Greziako ekonomiaren bilakaera ikusita, zuloa handitzen ari da: pribatizazioen bidez ez da ari agindutako dirua lortzen; langabezia tasa %23 da; zerga bilketak hondoa jo du; eta atzeraldiak luze iraungo du. Gobernuaren txosten batek dio murrizketak atzeratuta 20.000 milioi euro gehiago beharko dituztela, Financial Times-en arabera. Eta, bitartean, murrizketa gehiago onartu behar ditu, erreskatearen truke.
13.500 milioi euro gutxiago
Greziako Gobernuaren konpromisoen artean dago datozen bi urteetan gobernuaren gastua 11.500 milioi euro murriztea. Baina Greziako Finantza Ministerioak kalkulatu du murrizketa horiek guztien eraginez bi mila milioi euro gutxiago bilduko dituztela zergetan eta Gizarte Segurantzako kotizazioetan. Beraz, bi mila milioi euro gehiagoko murrizketak egin beharko ditu.
Neurrien artean daude 800 eurotik gorako pentsioak jaistea eta gutxieneko pentsioa jaso ahal izateko 20 urtez lan egin behar izatea —egun, 15 urterekin nahikoa da—. Troika konbentzitu eta gero onartu beharko dituzte neurriak parlamentuan, irailean.
Merkelek eta Junckerrek Samarasi erantzun diote troikaren txostenaren zain daudela. Europako Batzordeko, Europako Banku Zentraleko (EBZ) eta Nazioarteko Diru Funtseko (NDF) ordezkariak Atenasen daude, ikustekoea Greziak agindutakoa bete duen edo ez. Irailean jakinaraziko du bere txostena. Horren arabera erabaki beharko dute Greziari erreskatearen hurrengo zatia ordainduko dioten edo ez: 31.500 milioi euro, irailean. Greziak dirua jasotzen ez badu, ordainketak etengo ditu, eta eurotik aterako da ziurrenik.
Merkelen koalizio gobernuko alderdiek ez diote erraztasunik eman nahi Greziari. Ez denbora, ez diru gehiago. «Mezu okerra izango litzateke, eta Europako erreformen diziplina ahulduko luke», Rainer Brüderle FDPren talde parlamentarioko presidentearen iritziz. «Norbaitek ezin badu hitzartutakoa bete, eurogunean jarraitu edo ez erabaki beharko du», Volker Kauder CDU eta CSU alderdien talde parlamentarioko presidentearen esanetan.
Alemaniako Gobernuko ordezkariek udan esan izan dute jada ez dituela beldurtzen Grezia eurotik ateratzeak. Phillip Rösler Ekonomia ministro eta kantzilerordeak, esaterako.
Samarasek salatu du ekonomian erreformak egiten eta pribatizazioak bultzatzen ari direla eta, beraz, ez dela «bidezkoa» Europako «zenbait jendek» Grezia zulora bota nahi izatea. Grezia eurotik ateratzeko aukera hauspotu duten agintariez ari da. Teorian Greziak euroan jarrai dezan saiatzen ari diren agintariek Grezia eurotik ateratzeko aukera indartzen badute, ekonomiako eta finantzetako eragileek aukera hori benetakoa bailitzan lan egiten dute, bai herrialdekoek, bai kanpokoek: herrialdetik ihesi batzuek, putreen moduan, zain, besteek.
«Nola lortuko ditut inbertitzaileak, uste badute euroen truke drakmak jasoko dituztela?», galdetu zuen Samarasek. Junckerrek arrazoia eman zion atzo, eta kargu hartu zien Grezia eurotik ateratzeaz hitz egiten dutenei: «Grezia eurotik irtetea eskatzen dutenek gutxiago hitz egingo balute, pribatizazioak azkarrago joango lirateke».
Eurotik ateratzea ez da irtenbidea Samarasentzat, «horrek, gutxienez, bost urteko atzeraldia eta %40tik gorako langabezia tasa eragingo bailituzke». Eurotik atera osteko egoerari «amesgaiztoa» deitu dio: ekonomia porrot eginda, herritarrak haserre eta «demokraziaren krisia».
Amesgaiztoa gertatzen ari da Grezian: ekonomia hondoa jota dago —BPGaren %20 galdu du bost urtean—, herritarrak aspalditik daude haserre, eta sistema politikoa ustelkeriak janda dago.
Greziak arnasa nahi du
Murrizketak ezartzeko epea luzatu nahi du, baina Alemaniak eta Junckerrek erantzun diote troikaren txostenaren zain daudelaEurotik ateratzeaz hitz egiten dutenak kritikatu dituzte Samarasek eta Junckerrek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu