Ezertarako balio izan ez duen beste bilera bat egin zuen euroguneko ekonomia ministroen taldeak atzo Wroclawn, Polonian. Teorian, finantza merkatuak lasaitze aldera, Greziari iaz hitzartutako erreskatearen seigarren zatia (8.000 milioi) eman ala ez erabaki behar zuten. Bileraren ostean, garbi hitz egin zuen Jean-Claude Juncker ekonomia ministroen taldeko presidenteak: «Ez da erabakiak hartzeko batzarra izan».
Diru gehiago utzi aurretik, Atenasek agindutako erreformak egingo dituen ziurtasuna nahi dute euroguneko kideek. Asteazkenean Giorgos Papandreu Greziako lehen ministroak baietz agindu zien Angela Merkel Alemaniako kantzilerrari eta Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteari, iragarritako murrizketa guztiak egingo dituela. Baina hitzak ez, ekintzak nahi dituzte. Hori hala, urriaren erdialdera arteko epea eman diote. Ordurako neurriak hartzen baditu, herrialdea porrotetik salbatzeko 8.000 milioi euroak emango dizkiote, bestela ez.
Dena dela, eurogunea zein egoeratan dagoen ikusita, kontua ez da bakarrik herrialde batek laguntza merezi izatea ala ez; besteek ere diru hori uzteko moduan egon behar dute. Atzoko bilerarekin euroaren eremuko herrialdeek erreskateen inguruan politika bateratua dutela erakutsi nahi zuten, baina hori ere ez zuten lortu zenbaitek jarritako oztopoengatik. Greziak ordainketak etengo balitu, utzitako dirua bueltan jasotzeko bermeak nahi ditu Finlandiak. Austriak, berriz, bigarren erreskatea ematea merezi al duen galdetu zien gainerako herrialdeei. Porrot kontrolatu baten aukera jarri zuen mahai gainean, beste erreskate bat ematea baino merkeagoa izan daitekeela iritzita.
Bileraren garrantzia zela eta, Timothy Geithner AEBetako Altxorreko idazkaria ere Wroclawn izan zen atzo. Hark ekonomia berpizteko neurriak hartzea aholkatu zien euroguneko kideei, baina alferrik. «Ez dugu maniobra horietarako tarterik. Zerga egonkortasuna eta egiturazko erreformak dira gure lehentasunak», erantzun zion Junckerrek.
Greziak ez du eurogunearen dirurik jasoko irailean
AEBek ekonomia berpizteko neurriak eskatu arren, Europak murrizketen bidetik jarraituko du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu