Greziak porrot egiteko arriskua duela eta, burtsak amildu egin dira

Standard & Poor's agentziak kiebra jo aurreko zabor-bonu kalifikazioa eman dio Greziaren zorra ordaintzeko ahalmenari

joxerra senar
2010eko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Greziak kiebra jotzeko arriskua jada ez da fikzioa, ezta hipotesi urrun bat ere. Standard & Poor's rating agentziak atzo Greziaren zorrari zabor-bonu kalifikazioa eman zion. Hau da, lehen aldiz, kiebra jo aurreko egoera baten pare utzi zuen ordainketari aurre egiteko Greziaren ahalmena. Hori gutxi izan ez, eta Portugalen «ekonomiaren eta finantzen ahuldadearen ondorioz», kolpe batez, bi mailatan jaitsi du bere zorraren gaineko kalifikazioa. Eztanda baten pare jaso zuten albistea burtsek. Greziaren kiebraren mamua erreala izan daitekeela usaindu dute lehen aldiz, eta minbizia iberiar penintsulara zabalduko ote den beldurrak jo ditu. Ibex-35ek %4,19 galdu zuen, eta Eurostoxx 50ek %3,67. Greziako burtsak, berriz, %6 utzi zuen, eta Lisboakoak %5,4.

Errenta finkoan egoera ez da bareagoa. Inbertsiogileek gero eta mesfidantza handiagoz begiratzen dute Grezia, eta hori bonuen interes tasetan islatzen da: hamar urterako bonuen interes tasa %10etik gertu zegoen; Alemaniako bund-aren aldean, 687 puntuko aldea zuen. Haatik, mesfidantza beste herrialde batzuetara zabaltzen ari da: Portugalen hamar urterako bonua %6tik gertu dago, Irlandakoa %5etik gora dago eta Espainiarenak %4 iragan berri du. Krisiaren beste biktima euroa bera da: euroa 1,3312 dolarrean salerosi zen.

Plana lehenbailehen

Kiebra saihesteko, denbora agortzen ari zaio Greziari. Maiatzaren 19an lehen epemuga erabakigarria du: egun horretan, hamar urteko bonu sorta baten epea amaituko da, eta ordurako hartzekodunei 8.500 milioi euro ordaindu behar dizkie. Horregatik, presaka, Nazioarteko Diru Funtsa, Europako Batzordea eta Greziako agintariak 45.000 milioi euroko laguntza plana negoziatzen ari dira egunotan Atenas hiriburuan.

Europako Batzordearen arabera, elkarrizketak «bide onetik» doaz, eta maiatzaren hasierarako hitzartzea espero du. Helburua da NDFk 15.000 milioi euro mailegatzea eta EBk beste 30.000 euro, eta horren truke Greziak erreforma sakonak ezartzea. Data erabakigarri hori gertu denez, euroguneko gobernuek larrialdiko goi bilera egingo dute maiatzaren 10ean.

Dena den, Alemaniak zalantzak azaldu ditu laguntza horiek nahikoak izango ote diren. Izan ere, hiru urteren buruan Greziak 150.000 milioi euro itzuli beharko dizkie hartzekodunei, eta, Greziako Bankuak iragarri berri duen legez, herrialdeak ez du nahikoa aurrezten, egoera hori iraultzeko. Greziako Bankuak iragarri berri du bost urteren buruan zor publikoa handitu egingo dela: uneotan barne produktu gordinaren %115 adinakoa da zor publikoaren tamaina, eta 2014an %130era ailegatzea espero da.

Maileguak jasotzearen truke, bai EBko herrialdeek bai NDFk gastu publikoa nabarmen murrizteko eta lan merkatuan eta produkzio ereduan aldaketa sakonak egiteko exijitzen diote Greziari, eta horrek sumina eragin du gizartean.

Giorgos Papandreu lehen ministroak ohartarazi du konponbidearen ardura Greziari berari dagokiola: «Eurak [nazioarteko erakundeak] ez dira hemendik joango harrika, ezta beste inongo indarkeria bidez ere, gure herrialdea konpontzea lortzen dugun arte». Sektore pribatuko sindikatu nagusiak, GSEEk, eta alor publikokoak, Adedyk, maiatzaren 5erako beste greba orokor batera deitu dute.

Zehar kalte handiak

Greziaz gain, Europak asko du jokoan. Olli Rehn Ekonomia eta Diru Gaietarako Europako Batzordeko komisarioak oroitarazi du «Euroguneko sistema osoaren egonkortasuna» dagoela jokoan. Zorraren ordainketa eten baten zehar kalteen uhina oso larria izan daiteke: Europako beste herrialde batzuenganako mesfidantza areagotuko luke -Espainia, Portugal edo Irlanda, kasu-, greziar bonuak dituzten banku askori arazoak sor diezazkioke, eta nazioarteko diru erreserba izan asmo duen euroaren sinesgarritasunari kolpe latza emango lioke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.