Greziako banku handienetako bik bat egin behar izan dute

Historiako egunik onena izan da Atenasko burtsarentzat: ia %15 irabazi du ASE 20 indize nagusiak

2011ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Greziako Alpha Bank eta EFG Eurobank bankuek bat egitea adostu dute. Herrialdeko bigarren eta hirugarren finantza erakundeak dira, eta, bat egin ostean, Europa hego-ekialdeko finantza erakunderik handiena sortuko dute. Banku berriak, Alpha Eurobankek, 150.000 milioi euroren aktiboak izango ditu, eta 80.000 milioi euroren gordailuak.

Atenasko burtsan eromena eragin zuen berriak. Bi erakundeetako arduradunek akordioa sinatu zutela jakinarazi orduko, gorantz hasi ziren indize guztiak. Erreferentzia nagusiak, ASE 20k, %15 inguru irabazi zuen, eta banku sektoreko indizeak %20 inguru. Azken hogei urteetako egunik onena izan zen atzokoa.

«Greziarentzat horren kritikoak diren garaiotan, sektore pribatua indartzeko urrats bat da fusioa», adierazi zuen Alpha Bankeko presidente Ioannis Kostopoulosek prentsaren aurrean egindako agerraldian. Izan ere, Europako Banku Agintaritzak eginiko estres azterketen emaitzek erakutsi zuten greziarrak zirela kapital premia handiena zuten erakundeak. EFG Eurobankek, esaterako, ez zuen azterketa hura gainditu, kapitalari zegokionez ez zelako gutxieneko mailara iristen.

Okerrik ezean, bat egitea urrian gauzatuko dute. Erakunde berria sortzeko 3.900 milioi euroan handitu beharko dute egungo kapitala, eta horietatik 1.250 milioi euro Qatarko Paramount Services Holding Limited funtsak jarriko ditu. Kostopoulosen arabera, «horrek agerian uzten du nazioarteko inbertsiogile garrantzitsuek gugan konfiantza izaten jarraitzen dutela». Kapitala handitzeaz gain, 500 milioi euroren akzioak ere merkaturatuko ditu erakunde berriak.

Lagarderi erantzuna

Euroguneko bankuen kapital beharraren inguruan Christine Lagarde NDF Nazioarteko Diru Funtseko zuzendariak asteburuan egindako adierazpenek min egin diete Europako Batasuneko erakundeetako arduradunei. Euroguneko zorraren krisiaren ondorioz, munduko ekonomia atzeraldian erortzeko arriskua handia dela esan zuen Lagardeak, eta hori saihesteko premiazkoa dela bankuak birkapitalizatzea.

Europako Batzordeak eta EBZ Europako Banku Zentralak, baina, ezetz erantzun diote NDFko zuzendariari, Europako bankuek ez dutelako likidezia arazorik. Amadeu Altafaj Europako Batzordeko bozeramailearen esanetan, orain urtebete baino hobeto daude Europako bankuak. Uztaileko kaudimen azterketa inoiz egindako zorrotzena izan zela gogorarazi zuen bozeramaileak, 90 erakunde eta banku aktiboren %60 hartu zituelako kontuan.

Ildo beretik jo zuen Jean Claude Trichet EBZko presidenteak ere: «Ezinezkoa da Europako bankuek likidezia arazorik izatea. Uztailean egin zitzaien gaitasun azterketa, eta hilero gainbegiratzen zaizkie balantzeak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.