Greziako krisia

Greziako bankuek beste 900 milioi izango dituzte

Justizia sistemarekin eta bankuen berregituratzearekin lotutako erreformak eztabaidatzen ari dira Greziako Parlamentuan. Oposizioko hiru talderen aldeko botoei esker egingo dute aurrera, Syriza zatituta dagoelako.

Greziako lehen inistro Alexis Tsipras. FOTIS PLEGAS G. / EFE
Iker Aranburu.
2015eko uztailaren 22a
07:37
Entzun

Greziako bankuek beste astebeterako dirua lortu dute. Europako Banku Zentralak ELA likidezia lerrotik beste 900 milioi euro mailegatzeko baimena eman die. Greziako banku zentralak mailegatuko die diru hori, %1,55eko interesarekin. Gaur baimendutako diruarekin, 90.400 milioi dira.

Hiru astez itxita izan ondoren, astelehenean zabaldu zituzten berriro Greziako banketxeak. Erdizka daude zabalik, atzerriarekiko operazio gehienak debekatuta daudelako eta bankuetatik atera daitekeen diru kopurua ere mugatuta dagoelako —420 euro astean—.

Greziako lau banku nagusiek ELA maileguei esker diraute, azken urtean sekulako kapital ihesa jasan baitute.

Parlamentua

Greziako Parlamentuak ostegun goizaldeko lehen orduetan du bozkatzekoa du hirugarren erreskatea negoziatu ahal izateko euroguneak jarritako bigarren baldintza sorta. Aurrera egitea espero da, oposizioaren babesari esker. Saioa iluntzean hasi da, baina motel, Zoe Konstandopolu Parlamentuko presidenteak eragozpenak jarri baitizkio legegaia oso bizkor eztabaidatzeari. Syrizako kritikoa da Konstandopolu, joan den asteko lehen neurri sortan Tsiprasen aurkako botoa eman zuten Syrizako 32 diputatuetako bat. 

Justizia administrazioa bizkortu eta bankuak berregituratzeko edo likidatzeko prozedurak finkatu behar dituzte erreformek. 

Arratsaldean, manifestazioak egin dituzte Atenasen Adedy funtzionarioen sindikatuak, PAME sindikatu komunistak eta ezkerreko alderdi txiki batzuek. Aurreko astean baino jende gutxiago bildu da, eta oso istilu bakanak izan dira orain arte.

Aurreko bozketan gertatutako aurrez aurrekoa saihesteko asmoz, batasunerako deia egin die Alexis Tsipras lehen ministroak alderdikideei, eta gaitzetsi egin du akordioaren aurka agertu arren alternatibarik aurkeztu ez duten ministro eta diputatuen jarrera: "Batzuek uste badute Schaeuble plana ezkerrarentzako alternatiba izan daitekeela, azal diezaietela greziarrei eta utz diezaiotela nire atzean ezkutatzeari".

Erreformak

Justizia sistemari dagokionez, besteak beste, bi neurri eztabaidatuko dira: epaiketa zibiletan lekukorik ez egotea eta bankuak bahitutako etxeak zozkatzerakoan merkatuan duten balioa kontuan hartzea. Abokatuen elkargoek oso gaizki hartu dituzte neurriak.

Bankuei dagokienez, berriz, bankuak berregituratzeko Europako legediarekin bat egiteko neurriei buruz arituko dira. Hori onartuz gero, estatuak 100.000 euro arteko gordailuak bermatuko lituzkete, eta hortik gorakoak erabili ahal izango dira bankuak salbatzeko. Sistema hori lehen aldiz Ziprerekin erabili zuen euroaren eremuak. Orduko horretan, batez ere Errusiako aberatsak atera ziren galtzaile; oraingoan, ordea, 100.000 eurotik gorako gordailuetako asko enpresen kapitalari dagozkie. Horiek bankuak salbatzeko erabiliko balira, enpresa askok porrot egingo lukete.  

Bigarren bozketa horretatik kanpo utzi ditu Tsiprasek eztabaida handiena eragin duten neurrietako batzuk. Besteak beste, erretiro aurreratua hartzeko baldintzak gogortzea eta nekazariek jasotzen dituzten zerga kenkariak gutxitzea. Azken puntu horretan oposizioko ND kontserbadorearen eta Pasok sozialdemokrataren babesa lortzea zaila du Tsiprasek, bi alderdiek indar handia baitute nekazaritza eremuetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.