Syrizaren zartatzea hasia da jada. Hirugarren erreskatea jaso ahal izateko bete beharreko baldintza gogorrak Greziarentzat umiliagarriak direla, ekonomia hondoratuko dutela eta negoziazioan marraztutako marra gorriak gainditzen dituztela uste dute ezkerreko alderdiko kideetako askok. Zatiketa hori gauean ikusiko da garbien, erreskateari lotutako lehen neurri sortari buruz Greziako Parlamentuak egin behar duen bozketan. Syrizako 149 diputatuetatik berrogeien batek aurkako botoa edo abstentzioa aukeratuko dute. Zatiketa izan daiteke Syrizaren gobernu bazkidean ere, Anel alderdi eskuindarrean (13).
Legebiltzarraren saioa iluntzean hasi da eta gauerdirako eman behar dute botoa —23:00etan Euskal Herriko orduan—, hori baita lehen neurriak onartzeko euroguneak jarritako baldintza. Aldeko botoa eskatu du Euklides Tsakalotos FInantza ministroak, akordioa gustukoa ez duela onartu arren. "Astelehena nire bizitzako egunik zailena izan zen. Geratzen zaidan bizitzan eragingo didan erabaki bat izan zen. Ez dakit egin behar genuena egin ote genuen. Baina badakit ez genuela beste aukerarik".
Gobernuko alderdiaren zatiketa ez da ziur aski oztopo izango legegaiak aurrera egiteko, Alexis Tsipras lehen ministroak oposizioko hiru alderdi europazaleren babesa jasoko duelako. ND kontserbadoreak (76), To Potami zentristak (17) eta Pasok sozialdemokratak (13) babesa emango diote erretiroaren adina atzeratu, pentsioak murriztu eta zerga gehienak igoko dituen legegaiari. Aurkako botoa emango dute Egunsenti Urrekarako neonaziek (17) eta KKEko komunistek (15). Azken horien buruak, Dimitrois Kutsumbasek, ziurtatu du hirugarren erreskatea aurreko bien ondorioa dela. "Historia errepikatzen da, baina ez tragedia gisa, fartsa gisa baizik".
Tsiprasen gobernuari orain arteko ataka estuenetik ateratzen lagunduko dioten arren, oposizioko alderdiek ez dituzte kritikak gorde. "Ez espero orain txalorik jasotzea aspaldi egin behar zenutena egiteagatik", esan du NDko Kyriakos Mitsotakisek, eta gogorarazi dio bere alderdiaren babesa hilaren 22an bukatuko dela, bigarren neurri sorta bozkatzen dituztenean. Potamiko buru Theodorakisek, berriz, baztertu du koalizio gobernu bat osatzeko aukera, eta "drakmazale eroak" gobernutik botatzeko eskatu dio Tsiprasi.
Akordioaren aurkako greba eta manifestazio eguna da gaur Grezian. Arratsaldean milaka lagun bildu dira Parlamentuaren aurrean, Syntagma plazan, Tsiprasek eurogunearekin lortutako akordioa salatzeko.
Syrizaren zatiketa
Baina bozketa horren aurretik ere agerian geratu da Syrizaren zatiketa. Batzorde zentraleko 201 kideetatik 109k baztertu dute Tsiprasek lortutako akordioa. Sinatutako testua "estatu kolpea" dela diote eta "ezin onartuzkoa" da Syrizako kideentzat. "Akordioaren helburua da herri bat adibidea emateko suntsitzea, muturreko austeritatearen eredu neoliberala ez den beste bide bat dagoela sinesteko ausardia egin zuen herri bat", dio agiriak.
Dimisio andana gertatu dira. Kargua utzi dute, esaterako, Nadia Valadani Finantza ministrordeak, Manos Manusakis Ekonomiako Estatu idazkariak eta Georgios Romanias Gizarte Segurantzako Estatu idazkariak. Kritikoen buru nagusietako batek, Panagiotis Lafazanis Energia ministroak, ordea, berretsi ez duela aldeko botorik emango, baina ez duela dimitituko.
Frantzian, aurrera
Greziakoaz gain beste parlamentu batzuek ere aztertu behar dute asteleheneko akordioa. Ostiralean Bundestagek izango duen bozketak erakarri du arreta gehien, Angela Merkelek CDU-CSU batasunean ere arrakala handia espero baita. Edonola ere, SPDren eta oposizioko bi taldeen sostenguak (Die Linke eta Berdeak) zail edo ezinezko egiten dute bozketa galtzea
Bozketa estuagoak izan daitezke beste herrialde eszeptikoetan, Finlandian eta Eslovakian esaterako. Edonola ere, bi estatu horiek oso zaila dute prozesua geratzea, pisu gutxi dutelako ESM erreskate funtsean. "Larrialdiko egoera batean" ESMek botoen %85ekin onar ditzake erreskateak, eta horretarako nahikoa da lau handiak (Alemania, Frantzia, Italia eta Espainia) eta beste txikiren bat batzea.
Ezer ez trabatzeko gogoa nagusitu da gaur Frantziako Parlamentuan, eta akordioak alde handiz egin du aurrera bi ganberetan: aldeko 412, kontrako 49 eta 69 abstentzio Asanblean, eta aldeko 260, aurkako 23 eta 60 abstentzio. Diputatu sozialisten artean, soilik bik eman dute aurkako botoa eta zazpik abstentzioa. Errepublikanoak zatitu egin dira (93 alde, 41 aurka eta 35 oposizio). Aldeko azaldu dira UDIko zentristak eta Berdeak, eta kontrakoa, berriz, Ezkerreko Frontea eta FN.
Akordioa defendatu du Manuel Valls lehen ministroak, «hilgarria izan zitekeen krisi bat eragotzi duelako Europak». Grezia aldi baterako eurotik ateratzea, Alemaniak proposatutakoa, «ideia zentzugabea» dela esan du eta ukatu Grezia umiliatuta geratu dela. «Umiliazioa diru bakarretik kanporatua izango zen». Tsiprasen ausardia goraipatu du Vallsek, eta orain egin beharreko ahaleginen zama aurreko gobernuen bizkar jarri du: «Erreformak gogorrak dira aurreko gobernuek ez zituztelako egin».
Legez behartuta ez dauden arren, Espainiako Gorteek ere bozkatuko dutela iragarri du Mariano Rajoyk, «espainiarren diru asko dagoelako jokoan».