Greziako parlamentuak astean sei egunez lan egin ahal izatea onartu du

Lan erreforma berriarekin, langileek egunean hamahiru orduz egin ahal izango dute lan, bi lan badituzte. Atzo greba orokorra egin zuten herrialdean lege berriaren aurka.

Adonis Georgiadis Greziako Lan ministroa, bakarrik, lan erreforma onartu duten saioan. GEORGE VITSARAS / EFE
inaut matauko rada
2023ko irailaren 22a
20:23
Entzun

Iritsi, eta hitza bete. Kyriakos Mitsotakis Greziako presidenteak hilabete gutxi daramatza karguan, ekainean egin ziren hauteskundeetan lortu baitzuen boterea, eta, Greziako Parlamentuan gehiengo absolutua duenez, lehen erreforma handia aurrera ateratzea lortu du: lan erreforma. Ostiralean onartu dute lege berria, Demokrazia Berria alderdiaren 158 botoekin —300 eserleku ditu parlamentuak—, eta lan merkatua liberalizatu dute horrekin.

Astean lan egin daitezkeen egunen kopurua seira handitu dute; beraz, enpresek aldaketak egin ditzakete, eta langileen atsedena astean egun batera murriztu. Bestalde, lan nagusiaz gain, beste lan bat izateko bidea emango die langileei, egunean gehienez bost ordukoa bigarren hori. Hala, zortzi orduko eta bost orduko lan bana izan ahalko dute langileek, eta, beraz, egunean hamahiru orduz lan egin ahalko dute.

Enpresariek hemendik aurrera malgutasun handiagoa izango dute langileen ordutegiak ekoizpenaren beharren arabera moldatzeko. Kontratu mota berri bat ere asmatu du Mitsotakisen gobernuak; guardia moduko langileak izango dira, eta ez dute ordutegi finkorik izango, ugazabek nahi dutenean egingo baitute lan, betiere abisua 24 ordu lehenago jasotzen badute.

Gobernua, erreformaren defentsan

Adonis Georgiadis Lan ministroak erreforma defendatu du, esanez ez dela langileen aurkakoa. Dio ez dituela ez zortzi orduko lanaldia ez bost eguneko lan astea ezabatzen, eta adierazi du gehienez bost ordukoa izan daitekeen bigarren lan hori «borondatezkoa» dela.

Georgiadisek, baina, ez du aintzat hartu, nahiz eta borondatezkoa izan, langile asko bigarren lan bat hartzera behartuta daudela egoera ekonomikoagatik. Izan ere, Greziako batez besteko soldata Europako Batasuneko txikienetarikoa da, eta erosteko ahalmenean ere zerrendaren hondoan dago, Kroaziaren, Errumaniaren eta Espainiaren azpitik.

Lan astearen iraupena sei egunera handitzea ere defendatu du gobernuak, esanez «salbuespenezko kasuetan» gertatuko dela, eta hori gertatzen den kasuetan langileen soldata %40 handituko dela. Sindikatuek, kontrara, esan dute nahiz eta neurri horiek salbuespenezkoak izan asko gertatuko dela, eta gehitu dute lan ikuskapenak bai direla «salbuespenezkoak».

Greba

Erreforma berriaren aurka egiteko, greba egin zuten atzo, sindikatuek deituta. Gehienbat zamaketariek, funtzionarioek, osasun langileek eta irakasleek egin zuten greba, eta metro geltoki batzuk itxi behar izan zituzten hiriburuan, Atenasen. Parlamentuaren parean, Syntagma plazan, batu ziren manifestariak, eta, iturri ofizialen arabera, 6.000 lagunek egin zuten protesta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.