Hilaren 28an eta 29an oraina konpondu beharko lukeen etorkizuna diseinatu behar du euroaren eremuak, baina badu aurretik premiazko beste egiteko bat: igandean, greziarrek parlamentua aukeratu behar dute, bigarrenez udaberri bakarrean.
Hauteskundeak izan beharrean, igandekoa erreferenduma da Europako erakundeentzat. Disimulu gutxirekin aholkatu diete greziarrei erreskate planen aldeko alderdiei botoa emateko, Syriza ezkerreko koalizioaren alde eginez gero eurotik kanpo gera daitezkeelakoan. Azkeneko hori faborito den aldetik, iturri batzuek diote Europako Batzordeak jada prestatu dituela Greziak euroa uzteari erantzuteko planak.
Baina gauzak hori baino zailagoak dira. Batetik, Alexis Tsipras Syrizako burua behin eta berriro ari da esaten ez duela eurotik atera nahi eta bere balizko garaipenak ez duela halakorik ekarriko. «Zalantzak uxatze aldera, nire taldeak konpromisoa du Grezia eurogunean uzteko». Hitz horiekin hasi du Tsiprasek Financial Times egunkarian kaleratutako iritzi artikulua. Horretan, ezkerreko fronteko buruzagiak berretsi egiten du erreskatearen truke troikak jarritako baldintzak betetzeari uko egingo liokeela eta bertan behera utziko duela defizita kosta ahala kosta gutxitzeko plana, haren iritziz, Grezia desegonkortzen ari direlako, eta harekin batera eurogune osoa.
Horren ordez, «berreraikitzerako eta hazkunderako plan nazional» bat agindu du Tsiprasek. «Ezinbestekoak dira bi horiek Greziako krisi humanitarioa eteteko eta diru bakarra salbatzeko». Plan horren zutabe nagusia da zerga sistema hobetzea, aurreko administrazioek «talde jakinei» emandako opari fiskalak kentzea eta, horri esker, BPGaren beste lau puntu handitzea gastu publikoa, EBrekin parekatzeko.
Kathimerini egunkariaren azken inkestak dio Syrizak botoen %31 lortuko dituela eta legeak irabazleari ematen dizkion 50 diputatu gehigarriei esker gehiengo osotik hamazazpi aulkira geratuko dela. Horrek ia ezinezkoa egingo luke hura ez dagoen gobernu konbinazioak egitea.
Hauteskundeak irabazteko aukera duen beste taldea ND kontserbadorea da. Haren buru Antonis Samaras ikusi nahi du Bruselak gobernuan, baina hala gertatuko balitz ere, hainbat buruko min sortuko lizkioke. Izan ere, Samarasek atzo nabarmendu zuenez, Espainiaren erreskateak eta Frantziaren jarrera aldaketak aukera emango dio berari ere austeritate programaren baldintzak samurtzeko.
Grezia kanpoan nahi dute
Samarasek ohartarazi die hautesleei «herrialde batzuek Grezia eurotik bota» nahi dutela. Alemania zuen buruan, azken inkesta baten arabera hango herritarren %69k Grezia diru bakarretik kanpo nahi dutelako. Ofizialki, Berlinek dio Grezia barruan ari dela, baina hango herritarrak haserretu ohi dituzten adierazpen gehiago egin ditu Wolfgang Schaueble Finantza ministroak. Batetik, garrantzia kendu die bozei, esanez edozeinek irabazita ere «neurri gogorrak» hartu beharko dituela iraganeko politika ekonomiko «okerra zuzentzeko». Politika horren ondorio txarrak herritar arruntek gehiago pairatzen dituztela aitortu du Schaueblek, baina ez da errukitu: «Pena ematen didate Greziako herritarrek, baina horrek ez du ezer aldatzen. Ez da erraza gutxieneko soldata jaistea hainbeste yate jabe badaude. Baina Greziaren gutxieneko soldatak jaisten jarraitu behar du herrialdea lehiakorra izateko».
Krisia eurogunean
Grezian euroa salbatu nahi duela esan du Syriza ezkerreko koalizioak
Espainiaren erreskateak Greziakoaren baldintzak samurtzen utziko diola espero du ND kontserbadoreak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu