Krisia eurogunean. Merkatuen erantzuna

Greziarekin ez da atsedenik iritsi

Goia jo du berriro Espainiako zorraren arrisku sariak, eta ordaindu behar duen interesak %7 gainditu du honezkeroEBZri behingoz esku hartzeko exijitu dio Cristobal Montoro Ogasun ministroak

Ivan Santamaria.
2012ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Mozkorraldiaren ondoren, biharamuna. Greziako hauteskundeak apokalipsiarekin parekatu zituztenek izango zuten zer ospatu igande iluntzeko emaitzekin. Gutxi iraun die pozak, ordea, merkatuek ustez aldekoa zaien egoerari berriro ere bortitz erantzun diotelako: Espainiaren arrisku sariak, gora egin, eta goia jo du, eta burtsak erori dira berriro.

Ezerk ez ditu merkatuak baretzen. Orain dela astebete Espainiak bankuentzako erreskatea onartu izanak ordu gutxi batzuetarako lasaitasuna baino ez zuen eman. Atzo, ezta hori ere. Beste garai batzuetan, halako erabaki eta gertaerek presioa arinduko zuten bolada baterako. Garai horiek joan dira, antza.

Egun beltza izan zen Espainiarentzat, hamaikagarrena. Azkar uxatu zen Greziako hauteskundeen harira Mariano Raxoi presidenteak Mexikotik saldu zuen egonkortasun mezua. Arrisku sariak goia jo zuen berriro, eta 585 oinarrizko puntura iritsi zen. Are okerrago, hamar urteko bonuaren interesa %7tik pasatu zen. Muga kritikoa da, eta herrialde batek bere burua finantzatzen jarraitu ahal duen edo ez finkatzeko erabili izan da. Une batzuetan, zorraren interesa %7,28ra iritsi zen. Grezia, Irlanda eta Portugalen erreskatea gutxienez %8,7ko interesarekin iritsi zen, baina inork ez daki non dagoen azken erresistentzia Espainia bezain handia den ekonomia batentzat. Burtsa ere ia %3 erori zen, finantza erakundeen balio galerek bultzatuta.

Merkatuen presioa urduri jartzen ari da Espainiako Gobernua. Gaur eta etzi zorra salgai jarriko du, eta horren truke inbertitzaileei bermatu beharreko interesak gora egingo du berriro. Laburrera begirako letretan 2.000 eta 3.000 milioi artean lortzen ahaleginduko da Altxorra gaur. Bi, hiru eta bost urtera begirako bonuak aterako ditu merkatura bihar, 1.000 eta 2.000 milioi bitartean eskuratzeko helburua ezarrita.

EBZri kontu eske

Zorraren estualdiak ikusita, begi asko Europako Banku Zentralera (EBZ) begira jarri dira. Urte hasieran bankuei likidezia bermatzeko bilioi bat euro eskura jarri zuenetik, EBZ ez da ia mugitu. Erabaki horrekin kreditua uzkurtzea eragotzi zuela harro esan ohi du Mario Draghik, baina hortik aurrera ez du zirkinik egin.

Batzuen pazientzia agortzen ari da, hala ere. Atzo, Cristobal Montoro Espainiako Ogasun ministroak kargu hartu zion EBZko buruari. «EBZk irmotasun eta fidagarritasun osoz erantzun behar die euroaren proiektuari trabak jartzen dizkietenei». Beste hitz batzuekin esanda, Draghik eta EBZk merkatuetan eskua sartzea eta berriro ere Espainiaren zorra erosten hastea nahi du gobernuak.

Bigarren mailako merkatuetan zor publikoa erosteko programa martxan du EBZk. 2010ean Greziari presioa kentzeko erabili zuen bidea Espainiako eta Italiako zorrari ireki zion joan den urteko abuztuan. Haatik, hamalau aste daramatza EBZk zor publikoa erosi gabe, eta ez dirudi oraingoz berriro bide horri heltzeko asmo handirik duenik. Draghik, esaterako, argi utzi izan du bankutik ezin dituztela ordezkatu herrialdeek erreformen bidez lortu beharreko akordioak. Horrelako esku hartze batek arrisku saria berehala murriztuko lukeela diote horren aldekoek.

EBZk hurrengo urratsak hausnartzen dituen bitartean, zorraren krisiak hedatzen jarraitzen du. Espainia da kasu garbiena, baina Italia ere nabaritzen ari da berriro presioa. Atzo, Italiaren hamar urterako zorraren interesak %6,2 gainditu zuen, eta arrisku saria 471 puntura igo zen.

Zalantza gehiegi airean

Grezian erreskatearen aldekoen garaipenak egoera aurretik zegoen bezala utzi du. Ezin ahaztu ND eta Pasok alderdien gobernuekin hondoa jo duela herrialdeak. Zalantzek hor jarraitzen dute. Gobernu berria erreskatea malgutzen saiatuko da, baina Alemaniaren ezezko borobila baino ez du jaso oraingoz.

Greziako egoera bideratzen den bitartean, Espainia da krisiaren beste fronte nagusia. 100.000 milioi euro arteko erreskatea hitzartu zen bankuentzat, baina, zenbaki globaletik haratago, benetako baldintzak ez dira oraindik finkatu. Benetan beharko den diruari buruz albiste gehiago espero dira aurki, asteon jakinaraziko baitute bi ikuskatzaile independenteek bankuei egindako azterketaren emaitza.

Arlo politikoan ere mugimendu handiko egunak izango dira. Gaur amaituko den G20koen bileraren ondoren, EBko gobernuburuen goi bilera izango da datorren astean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.