Italiako kostaldeko irudiak gehiagotan heldu dira nazioarteko hedabideen azaletara, baina Grezia ere inoizko migratzaile kopuru handiena jasotzen ari da oso denbora gutxian. UNCHR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren arabera, urteko lehenengo zazpi hilabeteetan 124.000 lagun iritsi dira Greziako kostara; uztailean soilik, 50.000 baino gehiago. Iaz tarte berean heldu zirenak halako zortzi dira ia, eta UNCHRk «krisi humanitarioaz» ohartarazi du: kostako harreraguneek ez daukate behar adina baliabide heltzen diren guztiak baldintza duinetan hartzeko, eta iritsi osteko prozedurak kudeatzeko plan egokirik ere ez izatea egotzi izan diote Atenasi.
Alexis Tsipras lehen ministroak protesta egin du, auzia «Europa mailako arazoa» delako eta ez soilik Greziarena: «Krisi baten barruko krisia daukagu. Orain ikusiko dugu hau ote den elkartasunaren Europa, edo bakoitzak soilik bere mugei eta bere herrialdeari begiratzen ote dien». Europako Batzordeak 2.400 milioi euroko programa bat onartu du aste honetan «migrazio krisiari» aurre egiteko; diru horren %85 estatuei emango die zuzenean, eta Greziak horren bosten bat jasoko du, gutxi gorabehera. «Harrera gaitasuna hobetzea, asilo prozedurak EBren arauetara moldatzen direla bermatzea, migratzaileak eskualdean integratzea eta itzularazteko programen eraginkortasuna ziurtatzea» izango dira programaren helburu nagusietako batzuk, eta arreta berezia emango dio mugako zaintzari.
Irletako antolaketa falta
Lesbos, Kios, Kos, Samos eta Leros dira migratzaile gehien jasotzen duten irlak. Txalupa puzgarrietan gurutzatzen dute Egeo itsasoa, eta nola edo hala heltzen dira hondartzaren batera; heltzen badira. Joan den asteburuan soilik, segurtasun indarrek 1.417 atera zituzten uretatik.
Gehienak gatazka armatuak dauden herrialdeetatik datoz; hirutik bi siriarrak dira. «Askok premia larria daukate osasun arreta, ura, elikagaiak, aterpea eta informazioa jasotzeko. Guztiak daude leher eginda», dio UNHCRk argitaratutako txosten batek: «Harrerako azpiegiturak, zerbitzuak eta erregistratzeko prozedurak ez dira aski beharrei aurre egiteko».
Diru apur bat dakartenek gauren bat edo bi igarotzen dituzte hotelen batean, azala belztera joandako turista ilehorienetik metro gutxira. Besteek gainezka dauden harrera zentroetako batean bilatzen dute txokoa. Lesbosen, orain arte, 60 kilometroko bidea egin behar izaten zuten oinez, kostatik Mytiline herri nagusiraino; orain autobusak jarri dizkiete laguntza taldeek. Vincent Cochetel UNHCR-ren Europarako zuzendariak ez du halakorik ikusi 30 urtean: «Urari, garbitasunari eta elikadurari dagokionez, erabat desegokia da irletako egoera. Ez daukate jendea hartzeko gaitasunik, jendeak edozein modutako teilatuen pean egiten du lo». Istiluak ere gertatu izan dira gainezka dauden guneotan. Atzo, esaterako, Poliziak borrekin jo zituen agiriak lortzeko ilaran zeuden migratzaile batzuk.
Zenbait egun igarotakoan, uharteetatik Atenasera eramaten dituzte migratzaileak. «Baina han ez daukate ezer zain», dio Cochetelek. «Inor ez da ari benetan egoeraren ardura bere gain hartzen, eta horrek asko zailtzen die giza laguntza ematen duten erakundeei parte hartzea».
Europarako bidea
Ekialde Hurbiletik datozen etorkin gehienen harrera portua izanagatik, Grezia ez da izaten haien azken helburua. Gehienek Europa mendebaldera jarraitu nahi izaten dute; eta erdiek hala egiten dute, administrazioak haien berririk jaso gabe. Horrek trafikatzaile sareen menpe geratzeko eta manipulazioa edo indarkeria sufritzeko arriskuan jartzen dituela salatu du UNHCRk, eta, hainbat kasutan, Poliziak ere indarrez urruntzen dituela mugatik. «Mugak zorroztea ez da irtenbidea, are gutxiago Hungariako Gobernuak Serbiarako mugan egin asmo duen hesia eraikitzea. Halako neurriek arrisku handiagoa dakarte iheslarientzat, eta estatuen legezko obligazioen aurka doaz».
Ekain amaierako datuen arabera, 6.200 lagunek soilik zeukaten eskatua asiloa Grezian. Gainerakoak hirietan trabatuta geratzen dira, legezko prozedurarik gabeko linboan. Atenas erdialdeko Pedion Tou Areos parkean 400 eta 450 lagun artean daude honezkero. Kanpadendetan edo zeru zabalean egiten dute lo; asko familiak dira, eta uda betean sarri egiten ditu 40 gradu. Jasotzen duten laguntza handiena inguruko auzotarrek ematen diete; hirian hainbat elkartasun sare antolatu dituzte iheslariei elikagaiak eta oinarrizko produktuak emateko. Grezia bera egoera ekonomiko zailean egonik, bertako gizarte zibila egiten ari den ahalegina aitortzeko eskatu du UNHCRk, baina nabarmendu du ez dela aski: «Eginahal guztiak gorabehera, administrazioak eta tokiko komunitateek ezin diote gehiago eutsi».
UNHCRk ere ohartarazi du Europako Batasun osoaren erantzukizuna dela Grezian gertatzen ari dena. Baina hainbat herrialdetako immigrazio legeek are gehiago puzten dute Mediterraneoko herrialdeen zama: izan ere, egoitza baimenik ez edukitzeagatik estraditatzen dituztenen kasuan, EBra sartzeko erabili zuten herrialdera itzularazten dituzte maiz. Eta, beraz, beste aldetik ere Greziara datoz bueltan.
Grezia. Immigrazioa
Greziaren 'beste' krisia
Eguzkitan belztera joandako turistak eta gerrako lehorteetatik datozen iheslariak: guztiak ari dira pilatzen egunotan Greziako kostaldean. Atenasko Gobernuak laguntza eta ardura eskatu dizkio Europari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu