Greziaren defizit publikoa gora doa, eta behera bere zorraren kalifikazioa

Eurostatek %13,6ra arte igo du Greziaren defizit publikoa, aurretik uste zuena baino bederatzi hamarren gehiago

Iker Aranburu.
2010eko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Berri txarrak pilatzen ari zaizkio Greziako Gobernuari. Eurostatek atzo emandako datuen arabera, Greziaren defizit publikoa %13,6ra iritsi zen iaz, aurretik zioena baino 0,9 puntu gehiago. Zorra BPGaren %115era iritsi da, baina hori baino bost puntu handiagoa izan daitekeela onartu du Eurostatek. Horrekin batera, Moody's rating agentziak okertu egin du Greziaren zor publikoaren kalifikazioa -A2tik A3ra-, eta, horrenbestez, interes tasa handiagoak pagatu beharko ditu zor publiko horren truke.

Bulegoetatik ez ezik, kaletik ere arazoak datorzkie Atenasko agintariei. Atzo greba eguna izan zuten sektore publikoan, erretiro adinaren atzerapena eta pentsioaren txikitzea salatzeko. Atenasko kaleetan 10.000 edo 25.000 manifestari bildu ziren, iturrien arabera. Une batean, manifestariak gurutzatu egin ziren Nazioarteko Diru Funtsak Atenasera bidalitako adituekin. NDFko kide horiek, Europako Batzordekoekin eta Europako Banku Zentralekoekin batera, Greziako Gobernuari eman diezaioketen maileguaren baldintzak negoziatzen ari dira. Diruaren truke, gastu publikoaren murrizketa, soldaten eta pentsioen jaitsiera, eta antzeko neurrietan urrunago joateko eskatzen ari dira NDF, EBZ eta EB.

Oraingoz mailegu horren beharrik ez duela dio Atenasek, baina doinua aldatu beharko du aurki, gero eta interes tasa handiagoak pagatu behar dituelako merkatuetan. Hamar urtean itzuli beharreko bonoaren interesa %8,8ra iritsi zen atzo, eta %10,1era bi urtekoa. Kopuru horiek jasanezinak dira epe erdira, interesak itzultzeko dirua gastu publikotik kendu behar duelako.

Baina Greziaren zailtasunak EBko beste herrialdeetara ere hedatzen ari dira. Espainiak 3.000 milioi euro lortu nahi zituen 15 urteko bonoekin, baina 2.100 baizik ez zituen lortu; Alemaniak berak ez zuen lortu 30 urteko 3.000 milioi euro saltzea.

Europako herrialde gehienek arazoak dituzte kontu publikoak orekatzeko. Batez beste, EBko estatukideek %6,8ko defizita izan zuten iaz (%2,3, 2008an), eta zor publikoak ere, BPGaren %61,6tik %73,6ra egin du salto. Irlandak du defizitik handiena (%14,3), baina Greziak baino interes txikiagoak pagatzen ditu, zor txikiagoa duelako eta oso neurri gogorrak hartu dituelako dagoeneko gastua murrizte aldera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.