•Zergatik ez dio EBk erreskatea eman Greziari? Arrazoi ofiziala da berandu iritsi zaiela Greziaren ekonomiaren egoerari buruz troikak egin duen txostena. Eta ez da garaiz heldu, troika osatzen dutenak —Europako Batasuna, Europako Banku Zentrala eta Nazioarteko Diru Funtsa— ez direlako ados jarri Greziaren zor maila eramangarriari buruz. NDFk edozein herrialderi dirua mailegatzeko baldintzetako bat da diru hori bueltan jasotzeko gai izango dela, eta, horretarako, aurrez erabaki behar dute herrialde batek nolako zorrari aurre egin diezaiokeen.
•Zein da desadostasuna? Greziaren erreskateetan zehaztu egiten da zorra eramangarria izateko barne produktu gordinaren %120 izan behar duela 2020rako. Kopuru horretara iristea ezinezkoa da, ordea. Nahiz eta udaberrian bankuek eta beste inbertitzaile pribatuek 100.000 milioi barkatu zizkioten, Greziaren zorra %190era iristeko bidean dago, eta hortik gora geratu da, ekonomiak atzeraldian jarraitzen badu—BPGaren %24 galdu du azken bost urteotan—. EBZk uste du zorra %140ra jaits daitekeela 2020rako, baina NDFk uste du baikorregia dela iragarpen hori.
•Zer dakar kopuruan ados ez jartzeak? Ezin dutela erabaki Greziak zenbat diru gehiago beharko duen zorra itzultzen hasi arte. Atzo arratsaldean Bruselan dantzan zebilen troikaren txostenaren zirriborro batek 30.000 milioi eurotik gorako diru beharrak aipatu zituen: 15.000 milioi 2013-2014rako eta beste 17.600 milioi 2015-2016rako.
•Nork jarriko du diru hori? Hortxe dago koska. Inork ez du diru gehiago jarri nahi, itzuliko zaien segurtasunik ez daukatelako. Horren inguruan, bi aukera daude: batetik, zorra itzultzeko epea luzatzea eta interes tasak gehiago jaistea eta, bestetik, zorra barkatzea. Arazoa da oraingoan ez dagoela diru pribatua jokoan, publikoa baizik, troika osatzen dutenak direlako Greziaren hartzekodun nagusiak. EBZk eta NDFk debekatua dute zorra barkatzea; euroguneko kideen esku dago faktura nola banatu.
•Zein ondorio ditu dirua orain ez emateak? Greziak premiazko neurriak hartu behar dituela5.000 milioi biltzeko. Ostiral honetan amaituko zaio EBZri kopuru hori pagatzeko epea.Atenasko gobernuak ez du dirurik kutxetan, eta merkatuetara joko du gaur bertan, 5.000 milioi euroren bila. Baina horrek hainbat arazo ditu. Batetik, garestia da, interes handiak pagatu behar dituelako horren truke. Bestetik, erosleak behar ditu.
•Inork ez al du nahi Greziaren zorrik? Greziako bankuek baizik ez, zor publiko hori berme gisa erabil dezaketelako EBZri likidezia eskatzeko. Hura gabe, aspaldi egongo lirateke porrotean. Baina, atzora arte behintzat, hor beste bi hesi zeuden: Atenasekjada jo du epe motzeko zorraren bidez bil dezakeen 12.000 milioi euroren muga, eta, bestetik, Greziako bankuek 3.500 milioi euroren bermeak soilik aurkez zitzaketen. Die Welt egunkariak atzo iluntzean ziurtatu zuenez, EBZk presioen inguruan amore eman du, eta Greziako bankuen beste aktibo batzuk onartuko ditu berme gisa. Horrela, errazagoa izango dute gaurko enkantean gobernuaren zorra erostea.
Greziaren erreskatea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu