Hirugarren erreskatea iritsi bitartean —iristen bada, noski—, Greziak Europako funtsen laguntza izango du egin behar dituen ordainketak egiteko. Erresuma Batuak eta eurotik kanpo dauden estatuen eragozpenak eragozpen, Europako Batzordeak ofizialki proposatu du EFSM funtsa erabiltzea Greziari 7.000 milioi mailegatzeko. Hiru hilabeteren buruan itzuli beharko du Atenasek, printzipioz, ESM euroguneko erreskate funts nagusitik eta Nazioarteko Diru Funtsetik jasoko duen hirugarren erreskatetik.
Europako Batasuneko 28 kideek diruz hornitutako erreskate funts bat da hori. 60.000 milioi eurokoa zen, baina 11.000 milioi baizik ez dira geratzen erabiltzeko, aurreko bi erreskatetan baliatu dutelako: 26.000 milioi utzi dizkio Portugali eta 22.500 milioi Irlandari.
George Osborne Erresuma Batuko Finantza ministroak EFSM erabiltzearen aurka mintzatu zen asteartean, euroguneko kide ez direnez, ez dagokielako "zergapeko britaniarrei" Grezia finantzatzea. Gaur David Cameronen gobernuak oroitarazi du euroguneko kideen erreskatetan ez parte hartzeko promesa egin ziotela EBko erakundeek. Promesa hori politikoa zela eta inon idatzita ez dagoela argudiatzen dute orain Bruselako abokatuek.
Eurotik kanpoko beste herrialde batzuek —Danimarkak, Suediak eta Txekiar Errepublikak— ere esan zuten ez zutela mini-erreskate horretan parte hartu nahi. Funtsaren diruaren %28 bermatzen dute herrialde horiek.
Inolaz ere dirurik galduko ez dutela agindu die Europako Batzordeak, baina ez du zehaztu nola egingo duen. "EFSM erabiltzea ez da hautu erraza, baina ez dago beste aukera errazik. Irtenbide europarrena da, eta politikoki eta ekonomikoki zentzua dauka. Hori gabe [astelehen goizeko] akordioak ez funtzionatzeko arriskua dago", azaldu du Valdis Dombrovskis euroaren gaietarako Batzordeko lehendakariordeak.
Abuzturako zer?
EFSMtik jasotako diruarekin uztaileko ordainketak egin ahal izango ditu Greziak, batez ere NDFri dagoeneko zor dizkion 2.000 milioi euroak eta EBZ Europako Banku Zentralari datorren astelehenean ordaindu behar dizkion 3.500 milioi euroak. EBZri ordaintzea funtsezkoa da, dirua jaso ezean Greziako bankuak laguntzeari utzi beharko lioke eta.
Hain zuzen ere, EBZren esku egon daiteke Greziaren abuztuko diru premiak betetzea (5.000 milioi). Azken hilabeteetan mugatuta izan du Atenasko gobernuak epe laburreko zor jaulkipenaren bitartez egin zezakeen finantzaketa. Muga hori altxaz gero, Greziako bankuek beraiek mailegatu ahal izango diote dirua Greziako Gobernuari.