Greziarentzat EBk plan bat ez hitzartzea oso arriskutsua dela dio Barrosok

Europako Batasunaren goi bilera erabakigarria hasi aurretik, Alemania eta Frantzia ados jartzen ahalegindu dira

Erredakzioa
2011ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Zirt edo zart, Europako Batasunak konponbide bat bilatu beharko du. Gaur hasiko da Greziari beste 110.000 milioi euroko mailegua emateko bigarren erreskate plana hitzartzeko goi bilera erabakigarria. Ekainean, diru hori jaso aurretik, austeritate eta pribatizazio neurriak hartzea exijitu zitzaion Greziari, eta, gizarte presio handiaren erdian, Giorgos Papandreu lehen ministroak lortu zuen Parlamentuan neurri horiek onartzea ekainaren 29an. Haatik, plan hori gauzatzeko orduan estatukideen artean ez da adostasunik egon, eta hitzordua gaur arte atzeratu da. Atzerapenak eta adostasun faltak min handia eragin die zor merkatuetan Italiari eta Espainiari, eta aste hasieran bi herrialdeen 10 urteko bonuak%6tik gorako interes tasa ailegatu zuten.

Goi bileraren atarian, Italiaren eta Espainiaren zorraren kostuak behera egin du berriro merkatuetan, baina horrekin ez da arriskua desagertu. Horregatik, Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak ohartarazi du Greziarentzat erreskate plan bat ez bada hitzartzen desadostasun horrek ondorio kaltegarriak izango dituela bai Europarentzat bai munduko ekonomiarentzat. «Inork ezin du bere buruari iruzur egin: egoera oso larria da», azaldu du. Haren ustez, planak «argitasuna» igorri behar die Greziaren zorraren hartzekodunei.

EBZ, «malguagoa»

Alemaniak nahi du 110.000 milioi euroko laguntza pakete horren zati handi bat Greziako zorraren jabe diren bankuek ere bere gain hartzea. Europako Banku Zentrala proposamen horren aurka azaldu da, baina Barrosoren arabera, EBZ «malguagoa» izan behar luke.

Adostasuna lortzeko Frantzia eta Alemaniaren ikuspuntua garrantzitsuak izango dira. Hartara, goi bileraren aurretik, hala Nicolas Sarkozy Frantziako presidentea zein Angela Merkel Alemaniako kantzilerra adostasun batera iristen ahalegindu ziren. Bi aldeek atzo zioten ikuspuntuak elkarrengandik hurren daudela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.