Datorren asteartean zehaztuko dute Europako Batasuneko herrialdeek zer-nolako laguntza jarriko duten Greziaren esku, baldin eta hark zorra itzultzeko arazoak izango balitu edo espeku- latzaileen erasoak jasango balitu.Iragarpenaren helburua finantza merkatuak lasaitzea zela aitortu dute Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak eta Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak. Hein batean baizik ez dute lortu.
Hasiera batean burtsek gaizki jaso zuten berria, inbertsiogileek zehaztasun handiagoak nahi zituztelako. Baina egunaren joanean galerak mugatu egin zituzten, Grezia ez dutela bakarrik utziko garbi geratu zitzaienean. Ibexek %1,66 galdu zuen, baina une batean %2,5 galtzera ere iritsi zen, Herman Van Rompuy EBko presidenteak esan zuenean ez zutela neurri zehatzik erabaki. Puntu erditik gora utzi zuten Frankfurteko Dax eta Parisko CAC indizeek. Euroak %1etik gora galdu zuen une batean New Yorken, baina geroxeago jaitsiera %0,6an geratu zen.
Inbertsioen erreakzioa «ez da ona izan, baina izurik behintzat ez da sortu», azaldu du Aitor Aranburu ekonomistak. «Greziak arazoak baldin badauzka hor egongo direla esan dute. Inplizituki laguntza eman diote, baina ez dute, espero zen bezala, neurri zehatzik hartu, eta horrek eragin du hasierako dezepzioa».
NDFren «laguntza teknikoa»
Europako Finantza ministroen astearteko bileran Greziari zer-nolako laguntza emango dioten ez dago erabat garbi. Erabat baztertuta dago, ordea, Europako Banku Zentralak laguntzak ematea -debekatuta dauka-, edo kide batzuek nahi zuten moduan, Nazioarteko Diru Funtsaren esku geratzea salbamendua. Hori bai, azken erakunde horren «laguntza teknikoa» izango dute EBk eta Greziak, halako kasuetan «esperientzia» duelako.
Baliteke maileguak eskaintzea bere zorra paga dezan, edo bermeak ematea, banku pribatuen edo beste inbertsiogile batzuen maileguak lortze aldera. Filtrazioen arabera, EBko kideek aipatu dute herrialde bakoitzak bere tamainaren eta egoeraren araberako laguntza eskainiko duela, eta «beharren arabera» baizik ez dutela emango. Van Rompuyk behin eta berriro nabarmendu duenez, Greziak ez du laguntzarik eskatu. «Elkartasuna beharrezkoa balitz soilik gertatuko da, eta gaur egun ez da hala». Merkatuei egindako keinuarekin nahikoa izango dela espero du Jean Claude Juncker, euroguneko finantza ministroen kontseiluko buruak.
Laguntzaren promesa bera ez zaio merke aterako Greziari. Atenasko gobernuari «neurri eraginkorragoak» exijitu dizkiote EBko kideek, eta haren kontu publikoak zorrozki kontrolatuko ditu Europako Batzordeak, defizita betetzeko promesa betetzen duela egiaztatzeko.
«Neurriek ez dute izan behar salbamendu plan argi eta garbia, arrisku morala deitutako egoera sortzen delako, hau da, herrialde batek nahi dituen arrisku guztiak hartzea, jakinda galera beste batek pagatu behar duela. Irlandarrek gerrikoa asko estutu dute, eta Grezian jai? Hori ezin da», ohartarazi du Aranburuk.
Aurten defizit publikoa lau puntu jaitsiko duela agindu du Giorgos Papandreuk, Greziako lehen ministroak. Horretarako, Atenasko agintariek EBko beste kideei agindu diete ahal duten «neurri guztiak» hartuko dituztela. Horrek esan nahi du, hasteko,funtzionarioen soldatak jaitsiko dituztela ez dituztela ordezkatuko erretiroa hartzen duten langile publiko gehienak, hainbat zerga igoko dituela eta erretiro adina atzeratuko diela emakumeei. Neurriok funtzionarioen greba eragin zuten herenegun, eta greba orokorrera deituta daude langile guztiak hilaren 24rako.
Greziari laguntza agindu diote EBko kideek, baina ez dute erabaki nola
Batasunak espero du promesa bera nahikoa izango dela merkatuak lasaitzeko eta ez duela dirurik jarri beharko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu