Greziari maileguak onartuta ere, burtsak amiltzen ari dira oraindik

Europako burtsa nagusiek %10 inguruko galerak pilatu dituzte aste honetan, zalantzei eutsi ezinik

jakes goikoetxea
2010eko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Burtsen egunez eguneko gainbehera ez dute Greziarentzat onartutako maileguek eten, asteburuak baizik. Asteko balantzea eginez gero, egoeraren gordintasunaren adierazgarri da: Madrilgo Ibex 35 indizeak %13,8 galdu du, Lehman Brothersek porrot egin zuenetik astebeteko galera handiena; Parisko CAC 40-k %11, Londresko Ftse-k ia %8, Frankfurteko Dax-ek ia %7 eta New Yorkeko Dow Jones-ek %5. Atzoko jaitsierak %3-4 bueltakoak izan ziren, herenegungo kotizazioekiko.

Eta hori guztia euroguneko zenbait herrialdek, tartean Alemaniak, jada etxeko lanak egin ostean. Greziari 2012 bitartean eman beharreko maileguak onartu zituzten atzo Alemaniak, Espainiak, Italiak eta Portugalek.

Alemaniak premiazko prozeduraz onartu du 22.400 milioi euroko mailegua, Gobernuak proiektua onetsi eta bost egunera. «Ez dago beste alternatibarik», esan zien Wolfang Schauble Finantza ministroak diputatuei.

Alemaniako banku eta aseguru etxe pribatuak iragarri zuten Greziari 8.000 milioi euro utziko dizkiotela; herrialdeari maileguak emango dizkiotela aurrerantzean ere; eta Greziaren zorraren merkatuan egongo dela oraindik.

Espainian Ministroen Kontseiluak onartu zuen laguntzen lege dekretua: 9.794 milioi euro, horietatik 3.672 aurten.

Merkatuetako giro nahasiaren erdian, euroguneko buruzagiek ezohiko bilera egin zuten atzo, Bruselan. Berez, atzoko lan afaria Greziaren erreskate plana (110.000 milioi eurokoa) formalki onartzeko zen. Baina merkatuen urduritasuna eta gainbehera ikusita, tramite hutseko topaketa baino gehiago espero zen, merkatuak lasaitzeko. Funtsean, merkatuei sinetsarazi behar diete Greziaren erreskate plana bideragarria dela eta egoera ez dela zabalduko beste herrialde batzuetara, Espainiara eta Portugalera batez ere.

Grezia laguntzeko planak eragindako buruhauste eta luzamenduen ostean, erreskate berrietarako prozedura eta arau zorrotzagoak ezartzea espero da. Greziarena txikikeria izan baitaiteke herrialde handiago batek porrot eginez gero.

Diziplina gehiago

Alemaniak eta Frantziak diziplina zorrotzagoa nahi dute, eta Egonkortasun Ituna betetzen ez duten herrialdeei zigorrak ezartzeko prest daude, etorkizunean defizit publikoari %3tik behera eusten ez badiete. Hala ere, aintzat hartu behar da Alemaniak eta Frantziak berak leundu zutela aurreko araudia, beraiek %3tik gorako defizit publikoa zutelako.

Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak merkatuak gehiago arautu behar direla esan zuen bilerara sartu aurretik. Haren iritziz, merkatuak dira euroguneko zorraren krisia larritu dutenak.

Europatik kanpo, Ameriketako Estatu Batuetan (AEB), Wall Streetek ere galera handiak izan ditu, aurten irabazitakoa galdu baititu aste bakarrean.

Herenegun gertatutakoaren azalpen bila ari dira: hogei minutuan Dow Jones indizeak mila puntu galdu zituen eta %9ko jaitsiera izan zuen. Enpresa batzuen akzioak 60 dolarretik zero ingurura pasatu ziren. Zabaldutako lehen hipotesien arabera, erosketa agindu batean izandako akats batek hainbat operazio automatizatu eragin zituen. Wall Streeteko operazioen %70 sistema automatizatuek egiten dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.