Greziari zorraren erdia barkatzea aztertzen ari dira

Europako finantza erakundeek 100.000 milioi euro gehiago behar dituzte Greziako galerei aurre egin ahal izatekoZorraren krisia konpontzeko behin betiko akordioa asteazkenean hartzea espero dute

2011ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Euroguneko zorraren krisia irtenbidean jartzeko goi bilera gisa saldu zuten gaurkoa. Baina ez da hala izango. Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak eta Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak beren gain hartu zuten arazo guztiak konpontzeko «plan oso eta iraunkorra» prestatzeko ardura. Akordioaren nondik norako orokorrak bai, horiek dagoeneko hitzartuta dituzte. Baina ez dute agindutako guztia bete. Horrenbestez, gaurko batzarra eztabaidarako baliatuko dute Europako Batasuneko 27 gobernuburuek. Eta beste ustekaberik ezean, behin betiko akordioa asteazkeneko goi bileran egingo dute.

Ordurako, hiru gauza hitzartu beharko dituzte: Greziari zorraren zenbat barkatuko dioten, galera horiei aurre egiteko bankuek zenbat diru gehiago beharko duten eta EFSF Europako erreskate funtsaren egitekoak zeintzuk izango diren.

Jean Claude Juncker euroguneko ekonomia ministroen taldeko presidenteak atzo jakinarazi zuenez, Greziaren bigarren erreskatean hartzekodun pribatuek parte hartze nabarmena izango dute, ekainean hitzartutakoa baino askoz ere handiagoa. Orduan, zorraren %21 barkatzea onartu zuten, baina ez da nahikoa izango, herrialdearen egoerak okerrera egin baitu.

Junckerrek ez zuen aurreratu zorraren zenbat barkatzea aztertzen ari diren, baina hainbat iturrik diote, %50 barkatzea aztertzen direla. Alemaniak prest legoke hori onartzeko. Greziaren zorra barne produktu gordinaren %150etik %120ra murriztea ekarriko luke horrek. Adituen iritziz, ekonomia oso gutxi hazita ere, kopuru hori eutsigarria litzateke Greziarentzat, interes tasa txikiei eta zorra itzultzeko epea 30 urtera luzatu izanari esker. Europako Batzordeko, Europako Banku Zentraleko eta Nazioarteko Diru Funtseko ikuskatzaileek —troika—, berriz, zorraren %60 barkatu beharko lioketela uste dute, horrek 2020a baino lehen zorra BPGaren %110era arte murriztea ahalbidetuko liokeelakoeta herrialdea askoz egoera erosoagoan utziko lukeelako. Ezer barkatuko ez baliokete, nazioarteko erakundeek 252.000 milioi euro gehiago utzi beharko lizkiokete 2020a artean.

Hasiera batean, zorra barkatzearen kontrako jarrera zuen Berlinek, baina azkenean onartu du hori dela zulotik irteteko modu bakarra; Parisek, ordea, %21eko muga hori ez litzatekeela gainditu behar pentsatzen jarraitzen du. Gauza da Frantziako bankuak direla Greziaren hartzekodun nagusiak, eta zorraren erdia barkatzera haientzat izango liratekeela galerarik handienak. Puntu horretan, baina, amore eman beharko du Sarkozyren gobernuak.

Kopurua adostu dute

Beraz, itxura guztien arabera, zorraren %50 eta %60 artean barkatuko diote. Horrek eragindako galerei buelta emateko, ordea, kapitala beharko dute finantza erakundeek. Nazioarteko Diru Funtsak orain dela aste batzuk aurreratu zuen Europako bankuek 200.000 milioi euro beharko dituztela galera horiei aurre egin ahal izateko. Euroguneko finantza ministroen ustetan, ordea, gutxiago beharko dute, 100.000 milioi euro, hain justu. Hori horrela, banku sektorea birkapitalizatzeko planaren oinarriak finkatu zituzten atzo.

100.000 milioi euro beharko dituztela Europako Banku Agintaritzak (EBA) korrika eta presaka hainbat erakunderi egin berri dien estres azterketaren emaitzetatik ondorioztatu dute. Uztaileko azterketan ez zuen Greziaren porrota aurreikusten zuen hipotesirik erabili bankuen kapital beharrak neurtzeko, baina errealitateak orduko hipotesirik okerrena aise gainditu duenez, proba berriz egitea erabaki du. Uztaileko proba gainditzeko erakundeek nahikoa izan zuten %5eko kapital ratioa izatea; orain, aldiz, %9ko ratia izatea eskatu diete. EBAk ez du jakinarazi zein erakunderi jarri dien azterketa, ez eta zenbatek huts egin duten ere. Elena Salgado Espainiako Ekonomia ministroaren arabera, ordea, herrialde bakoitzeko finantza erakunde handienei bakarrik egin dizkie probak.

EFSF Europako Finantza Egonkortasunerako Funtsaren funtzionamenduaren inguruan ere badute zer eztabaidatua. Frantziak banku bat izango balitz bezala funtzionatzea nahi zuen, baina, azkenean, aseguru etxe gisa funtzionatuko du EBko estatuek jaulkitzen duten zorrarentzat. Trukean, baina, bankuak birkapitalizatzeko funts hori erabiltzeko Alemaniaren oniritzia lortu du Frantziak. Lehendabizi kapital pribatua erakartzen saiatu beharko dute, gero herrialde bakoitzeko gobernuari eskatu beharko diote laguntza, eta azken aukera gisa erreskate funtsera jo ahal izango dute. EBAk jarritako gutxieneko kapital behar berriak betetzen ez dituzten erakundeek hiru eta sei hilabete artean izango dituzte kapitalizazio plan bat diseinatu eta martxan jartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.