Urritik, agintera iritsi zenetik, neurri murriztaileen hirugarren sorta onartu zuen atzo Giorgos Papandreu Greziako lehen ministroak. BEZ zerga %0,5 eta %2 artean igoko du -produktuaren arabera-, erregaien prezioa hiru eta zortzi zentimo artean garestituko du, tabakoa eta alkohola %20 garestituko dira, 100.000 eurotik gorako irabaziak dituztenek %1eko zerga berezia pagatuko dute aurten, langile publikoen aparteko sariak %30 txikituko ditu eta pentsioak izoztu ditu.
Neurriak begi onez hartu dituzte Europako Batasunak, Europako Banku Zentralak eta Nazioarteko Diru Funtsak, baina haserre bizia eragin dute funtzionarioen artean, eta beste greba batekin erantzungo diote, hilaren 15ean. Ordura arte giroa berotuko dute irakasleek, aduanetako eta Ogasuneko langileek eta ospitale publikoetan deitutako protestek.
Proposamen horiekin aurten 4.800 milioi euro aurreztuko dituela espero du Papandreuren gobernuak, eta horrela gai izango dela defizit publikoa iazko %12,7tik %8,7ra jaisteko, Europakoko Batasunak exijitu dion moduan. Greziako Parlamentua astea bukatu baino lehen bozkatuko ditu proposamenak. Oraingoz gastu publikoa murrizteko beste ezer egingo ez duela iradoki du lehen ministroak. «Egin beharrekoa egin dugu. Orain Europaren txanda da», esan du Papandreuk, eta oharra egin du: «EBk sostengu politikorik ematen ez badigu, agian Greziak NDFren laguntza eskatuko du». EBk ez du halakorik nahi, euroaren eremuko herrialde bat salbatzeko NDFren laguntza behar izatea, diru batasunaren porrota erakutsiko lukeelakoan. Greziari laguntza emango diotela agindu dute EBko beste gobernuek, baina ez dute zehaztu nola. Erreparorik handienak Alemaniak jarri ditu. Horrexegatik, Papandreu Berlinera joango da bihar, Angela Merkelekin elkarrizketatzera. Igandean Parisen izango da, Nicolas Sarkozyrekin.
«Elkartasun tresnak» bidean
Greziak bere zorra pagatzeko dituen arazoek eta haren inguruan eratu diren eraso espekulatiboek agerian utzi dute Europako Batasunak halako arazoetarako duen ezintasuna. Atzo, Europako Batzordeak iragarri zuen «elkartasun tresna» prestatuko duela «eurogunearen finantza egonkortasunaren aurkako mehatxuei aurre egiteko». Neurri horiek, «bere garaian» aurkeztuko dituela ziurtatu du Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak.
Atzo 2010-2020 hamarkadarako estrategia ekonomikoaren txanda izan zen. Enplegu tasa %75era heltzea, CO2 isurketak eta energiaren kontsumoa %20 gutxitzea, I+Gn gastua BPGren %3ra igotzea, ikasketak amaitzen ez dituztenen kopurua %10era jaistea eta pobrezia laurden bat murriztea dira helburuak.
Greziarrek greba gehiago egingo dituzte Gobernuaren azken neurriei erantzuteko
Papandreuk ez du murrizketa gehiago egin nahi, eta NDFra joko du, baldin eta EBk laguntza ematen ez badio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu