Grupo Forja Vasca proiektua eragoztea leporatu diete langileek administrazioei

Trapagako Babcockeko langileen etorkizuna aztertzeko bilerara deitu ditu SEPIk sindikatuak hilaren 20rako

Mikel Carramiñana.
Bilbo
2010eko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Jabeen gidaritzapean porrot egin zuten sutegietako ardura beren gain hartzea erabaki zuten duela bi urte Grupo de Forja Vasco de Sistemas de Forjado de Precision (SFP) taldeko langileek. Ahalegin handiak eginda, egitasmoarekin aurrera egitea lortu dute, 2009ko irabaziek -25,5 milioi euro- egiaztatzen dutenez. Orain, aldiz, administrazio publikoek jarritako «oztopoen» ondorioz enpresaren bideragarritasuna eta 285 lanpostu kolokan daudela jakinarazi dute Bizkaiko eta Gipuzkoako lau lantegietako langile batzordeek.

Izan ere, Espainiako Gizarte Segurantzaren Altxortegi Orokorrak aurreko enpresa jabeen eta egungo lan sozietate anonimoen arteko subrogatzea dagoela ustedu eta, «aitzakiarekin», egungo bezeroengana jo dute ordaintzeke dituzten fakturen zenbatekoa bahitzeko, oraingo jabeek lehengoen zorrak ordain ditzaten.

Forgibal, Forging, Precision System eta Forging Products Trading enpresetako langile batzordeetan CCOO, UGT, ELA eta LAB sindikatuek dituzten ordezkariek Gizarte Segurantzaren jokabidea salatu dute. Egungo proiektuak aurrekoarekin zerikusirik ez duela berretsi zuten atzo, Bilbon eginiko agerraldian.

Javier Blascok, langile batzordeen izenean, administrazioaren jokabidea deitoratu zuen, haien etorkizuna «arriskuan» jarri duelako. Ordainketak bahituta bezeroen artean mesfidantza sortzea egotzi die, eta, horrez gain, subrogatzea eman den edo ez erabakitzea konkurtso prozeduraren baitan epaileak erabaki beharko duela gogorarazi du.

Gizarte Segurantzarenak ez ezik, beste erakunde publikoen trabak ere izan dituztela azaldu dute langileek. Batetik, Eusko Jaurlaritzari udan eskatutako laguntza jakin batzuen erantzunik ez dute izan. Bestetik, Bizkaiko Foru Aldundiari BEZ likidatzeko eskaera egin diote, milioi bat eurotik gorako itzulpena espero dutelako. Ogasunak, alabaina, urtarrilaren amaiera arte itxaron beharko dutela esan die.

SFP taldeko akziodunek 2008ko urrian laga zuten enpresa, eta, sindikatuen arabera, «konkurtso legean sartzea bilatu zuten merkataritza sozietateak likidatzeko asmoz». Zornotzako lantegietako beharginak, Bizkaian, eta Lazkao zein Legazpikoak, Gipuzkoan, «bere kasa» utzi zituzten.

Administrazioen jarrera salatzeko mobilizazioak egiten hasiko direla iragarri dute taldeko langile batzordeek. Gaur izango da lehenengo protesta, Gizarte Segurantzaren Altxortegi Orokorrak Bilboko Kale Nagusian duen ordezkaritzaren aurrean, eguerdian.

Taldekako konponbiderik ez

Bizkaian bertan, Austriako A-Tec jabea zorrei aurre egin ezinda dabilela eta, Babcockeko 400 langileak protestan ari dira konponbide eske. Trapagako enpresa pribatizatzeko prozesua 2001ean hasi eta 2004an amaitu zen. Orduan, enplegua bermatzeko konpromiso jakin batzuk bere egin zituen Espainiako Industri Partaidetzarako Estatuko Sozietateak (SEPI).

Langileek asteak daramatzate sozietateko ordezkariekin bildu nahian, eta Madrilera ere eraman izan dute protesta. Atzo, SEPIk hilaren 20an batzartzeko deia egin zien CCOO eta UGT sindikatuei, enpresaren egoera eta langile finkoen etorkizuna aztertzeko. Sindikatuek, alabaina, 2004tik aurrera kontratatuko langileentzat ere irtenbideak eskatuko dituztela adierazi dute.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.