Indarrean jarri aurretik ere, Donald Trumpen neurri protekzionistek izan dute eragina Euskal Herrian. Atzo goizean, PT Productos Tubulares enpresako langileak zuzendaritzarekin biltzekoak ziren erregulazio espedientearen inguruko lehen bilera egiteko, baina PTko arduradunek bilera atzeratu zuten, argitu arte ea Trumpek %25eko muga zergak ezarriko dizkien Europako Batasuneko altzairu inportazioei ere. Langileak greba mugagabean daude, eta erabakia ulertu ezinik zeuden atzo goizean.
Zuzendaritzarengana joan eta bilera atzeratu egingo dela esan dizuetenean, nola hartu duzue albistea?
Arraroa iruditu zaigu, uste baikenuen jende serioarekin hitz egiten ari ginela. Egoera aztertzen ari gara orain, baina argi daukagu eutsi egingo diogula grebari.
Trumpen xehetasunen zain dagoela dio zuzendaritzak. Zer espero duzue zuek? Egoera okertu daitekeela iruditzen zaizue?
Guk badakigu Trumpena aitzakia bat dela. Muga zergen inguruko jarrera hori duela hamabi egunetik zen ezaguna; beraz, ez dugu ulertzen zergatik erabiltzen duten aitzakia hori negoziazio mahaia bertan behera utzi eta atzeratzeko. Jakin gabe, gainera, zein egunetan bilduko garen.
Aitzakia bat bakarrik da? Hau da, eragina izan dezake enpresan, ala ez?
Garrantzia izan dezake, bai noski; eta ez gure produktuari bakarrik: Tubos Reunidosi ere eragin diezaioke. Baina orain arte ezer ez dago argi, eta ez dakigun gauza bati buruz hitz egiten ari gara. Arraroa egiten zaigu hori aitzakia moduan erabiltzea. Guk langileen ongizatea nahi dugu. Trumpek esango duenaren zain gaudela? Noski, baina ez dakigu zer esango duen. Horregatik, guk langileen ongizatea lortzen saiatu behar dugu ezer baino lehen.
Tubos Reunidos taldeak 100 milioiren galerak izan ditu azken hiru urteetan, eta 200 milioiko zorra du. Beldur zarete egoera horrek zuen lantegian izango duen eraginaz?
Taldearen egoeran, ez dut uste gure lantegia arazo larriena izango denik. Guk AEBetara ez dugu hainbeste esportatzen, baina egia da taldean eragina izan dezakeela. Guk ezin dugu beste ezer egin; zuzendaritzak esan beharko du zein den haien aurreikuspena, eta gu ez gara kikilduko horren aurrean.
Bilera atzeratu aurretik, hala ere, lana erregulatzeko txosten bat zegoen mahai gainean. Zer espero zenuten?
Haiek esaten dute kaleratze kolektibo bat izango dela, eta, gure enpresan 300 langile baino gehiago ditugunez, gutxienez 30 langileri eragingo zion. Hori badakigu. Baina oraindik ez digute esan zein den zenbatekoa, ez zer aldatu nahi duten, ez ezer. Ezta itunaren inguruan zer nahi duten ere. Ez dakigu ezer. Dakiguna da espedientea jarri dutela mahai gainean, zenbakirik eman gabe, eta gure hitzarmena ukitu nahi dutela. Baina negoziazioa hasi arte ez digute dokumentaziorik pasatuko.
PTk 32 milioi euroren galerak izan zituen iaz. Enpresaren egitura aldatzeko arrazoi izan daiteke hori?
Zuzendaritzak 2015. urtera arte jasotako irabaziak ez dituzte ondo kudeatu, eta inbertsioak ez dituzte ondo hautatu. Espediente berri horrekin zuzendaritzak dirua pilatzen jarraitu nahi duela uste dugu.
Zuen lantegian abiatzen den espediente hori Tubos Reunidos taldera zabaldu daitekeen beldur zarete?
Gerta daiteke, noski. Gu hasiera besterik ez gara, eta, ondoren, Tubos Reunidosen bila joango dira. Horretaz ziur gaude, mugimendu hau nahiko argia baita. Ahulagoa zen enpresaren bila joan dira, eta hurrengo mugimendua haiei iritsiko zaie. Ziur gaude horretaz.
Unai Anillo. Productos Tubulares-eko langile batzordeko kidea
«Gu hasiera gara; ondoren, Tubos Reunidosen bila joango dira»
Zuzendaritzak Productos Tubulares lantegirako proposatzen duen espedientea altzairu talde osora zabalduko dela uste du Anillok. Trumpen neurrien eragina, ordea, aitzakia dela dio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu