Guillermo Buces izango da Cebekeko presidentea

Gaurko batzar nagusian, Nuria Lekue beste hautagaia ez dute zuzendaritza batzordeko kide izendatu, eta, beraz, Buces aukeratu dute Carolina Perez ordezkatzeko, beste bozketa baten beharrik gabe.

Guillermo Buces, Cebekeko presidentea.  ENDIKA PORTILLO / FOKU
Guillermo Buces, Cebekeko presidentea. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Bilbo
2025eko maiatzaren 14a
15:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Cebek Bizkaiko Enpresaburuen Konfederazioak Guillermo Buces Biolid industria grafikoetako zuzendari nagusia izendatu du patronalaren buru datozen lau urteetarako. Gaur, Bilboko Euskalduna Jauregian egin den batzar nagusian, zuzendaritza batzordeko hamar kide izendatu dituzte —gainontzeko 22ak azken asteetan aukeratu dituzte—, eta presidentetzarako beste hautagaia, Nuria Lekue Bizkaiko gasolindegien patronaleko burua, ez dute hautatu horien artean. Horiek horrela, Buces izendatu dute Carolina Perez Toledo ordezkatzeko, beste bozketa baten beharrik gabe.

Bozketa telematikoa egin nahi zuten, eskuko telefonoen eta tableten bidezkoa. Baina sistemak arazoak eman ditu, eta, bozketa ia ordubete atzeratu ondoren, hauteskunde batzarreko ordezkariek boto txartelekin eman dute botoa. Behin presidentea aukeratuta, patronalaren presidentetza eta zuzendaritza batzordea elkartu egingo dira; «maiatzaren amaieran edo ekainaren hasieran» izango da hori, eta batzorde exekutiboa nortzuk osatuko duten zehaztuko dute.

Otsailaren 20an hasi zuten barne berrikuntzarako hauteskunde prozesua: Bizkaiko patronaleko batzar nagusiko 138 kideak eta zuzendaritza batzordeko 22 kide —guztira 32k osatzen dute— aurretik aukeratu dituzte, azken asteetan egin diren bozketetan. Gaurko batzarrean, berriz, zuzendaritza batzordeko gainontzeko hamar kideak eta Cebekeko presidentea hautatu dituzte: batzar nagusiko 138 kideek izan dute botoa emateko aukera.

Lehenengo hauteskundeak

Cebeken historian, hau da, 125 urtean lehendabiziko aldiz, bi hautagairen artean bozkatu behar izan dute patronaleko kideek. Hala ere, prozesua «erabat normal» egin dela adierazi zuten atzo Carolina Perezek, hau da, gaur arte Bizkaiko enpresaburuen presidentea izan denak eta Javier Azpiazu idazkari nagusiak, hedabideen aurrean egindako agerraldi batean. Izan ere, nahiz eta orain arte horrelakorik ez gertatu, bi pertsonen artean hautatzeko aukera jasota dago erakundearen estatutuetan.

Perez 2021etik izan da Cebekeko presidentea, eta aurretik, 2017tik 2021era, lehendakariordea izan zen. Laernlight prestakuntza eta hizkuntza enpresaren Espainiako adarreko zuzendaria da, eta Tecnalia, Mutualia eta Bilboko Portuko batzordeetako kidea.

Hark adierazi duenez, «esperientzia zoragarria» izan da lau urte hauetan Cebek gidatzea, baina aitortu du urte «oso nahasiak» egokitu zaizkiola. Hurrengo presidenteari esan dio «garrantzitsua» izango dela patronalak «gizonen eta emakumeen arteko berdintasunean arreta jartzea aurrerantzean ere».

Harremana sindikatuekin 

Presidente berriak Perez gogoan izan du bere hitzaldian, eta haren bideari jarraituko diola esan du. «Ideia ez da berriz hastea, baizik orain arte egin denarekin jarraitzea, aurrera egiten». Bucesek «ilusioz eta gogo handiz» hartu du Bizkaiko patronalaren buruzagitza, eta landu nahi dituen gaiak zerrendatzean, besteak beste, aipatu ditu talentua atxikitzea, berdintasuna sustatzea eta laneko absentismoa murriztea. 

Bere helburu handienetako bat «enpresen eta sindikatuen harremana» aldatzen saiatzea izango dela adierazi du Bucesek, haren ustez «zaharkitua» dagoelako, eta «konfrontazioak ez duelako ezertarako balio». 

Bide horretan, «eremu guztietan eta sindikatu guztiekin elkarrizketa sustatzen» saiatuko dela esan du, eta ez duela marra gorririk: «Aurrera egin beharko da, jendearen jarrera ikusi; baina nahiko egoskorra naiz, saiatuko naiz konbentzitzen». 

Gutxieneko soldata propio bat negoziatzera esertzeko sindikatuen eskaerari buruz, Cebekeko presidentearen ustez «horiek foro desberdinak dira». Gaineratu du badagoela elkarrizketa sozialerako mahaia, «zeina horretarako ezarri den», eta patronalak ez duela «ezarritakoa hautsiko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.