Guraizeak baino gehiago, aizkora

Espainiako Gobernuak murrizketa handiak egingo ditu, eta zergak igoko, kontrakoa agindu bazuen ere

jakes goikoetxea
Donostia
2011ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Espainiaren diru kontuak uste baino okerrago daude, eta PPren gobernua edozer egiteko prest dago. Baita hauteskunde kanpainako hitza jan eta herritarrei zergak igotzeko ere. Mezu hori zabaldu zuen atzo. 8.900 milioi euro aurrezteko eta 6.275 milioi euro gehiago biltzeko neurriak aurkeztu zituen Espainiako Gobernuak.

Espainiako Gobernuak, guraizeak beharrean, aizkora erabili du. Berez, defizit publikoa 4.000 milioi euro murrizteko neurriak espero ziren atzo. Azkenean, 15.000 milioi euro ingurukoak izango dira.

Zer gertatu da? Defizit publikoa uste baino handiagoa dela, barne produktu gordinaren (BPG) %8koa. Gobernuak bazekien aurten ez zuela beteko %6ko helburua, baina aipatzen ziren kopuruen artean altuena %7,5ekoa zen. Gainera, 2012rako BPGaren %4,4ko defizita agindu du; hau da, orain baino 3,6 puntu gutxiago. Hori guztia dirutan 36.000 milioi euro inguru dira. Atzo iragarritako 15.000 milioi euroak kenduta, 21.000 milioi euro falta dira. Betiere, atzoko neurriek esperotako eragina badute. Atzokoa «hasieraren hasiera» dela esan zuen Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteordeak. Gainerako neurriak martxoan jakingo dira.

Pentsioak %1 igotzeak eragin zuzena izango du Hego Euskal Herrian; zerga igoerek ez. Ikusteko dago beste neurri batzuek zer eragin izango duten.

Zergak

Espainiako Gobernuak zergak igoko dizkie herritar gehienei, baita errenta apalenak dituztenei ere. Bai PFEZ pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga, bai kapital errentak. PFEZeko igoera %0,75 eta %7 bitartekoa izango da; kapital errentan, berria, %2 eta %6 bitartekoa. PFEZaren igoeraren bidez bildu nahi ditu diru sarrera berrien hiru eurotik bi. Hego Euskal Herrian diputazioen eta Nafarroako Gobernuaren eskumena dira zergak, eta haiek igo dituzte jada, errenta altuenak dituztenei batez ere.

Zerga igoera indarrean egongo da 2012an eta 2013an. «Behin-behineko elkartasunezko gainkarga» eufemismoa erabili zuen Santamariak zerga igoera adierazteko.

Ondasun higiezinen zerga igo egingo diete herrialde bakoitzeko balio handieneko etxeen erdiei. Neurri horrek ez du eraginik izango Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; bai, ordea, Nafarroan.

Berreskuratu egingo dute etxebizitza erosteagatik izaten den kenkaria. Gainera, atzeraeragina izango du, 2010etik. Hego Euskal Herrian kenkariak indarrean daude, baina 2012an murrizketak izango dira kenkarietan, zerga erreformen ondorioz.

Pentsioak

Aurten izoztuta egon eta gero, %1eko igoera izango dute.

Langabeak

Langabezia saria amaitu zaienentzako laguntzek (400 euro) sei hilabete gehiago iraungo dute. Hego Euskal Herrian, abenduko datuen arabera, hamar langabetik lauk ez dute langabezia saririk jasotzen. Alegia, diru sarrerak bermatzeko errenta edo 400 euroko laguntza dira haien aukera bakarrak.

Funtzionarioak

Soldata izoztu egingo diete, eta lanaldia luzatu, astean 35 ordutik 37 ordu eta erdira. Lan gehiago, ordain bera. Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak jada erabakita daukate langile publikoei soldata izoztea. Jaurlaritzak dekretua onartzear du langile publikoei hainbat murrizketa aplikatzeko.

Gutxieneko soldata

Izoztu egingo du, eta 641,40 eurotan jarraituko du. Espainiako gobernu batek 30 urtean izoztu duen lehen aldia izan da.

Aitatasun baimena

2013 bitarte atzeratu du aitatasun baimena bi astetik hilabete batera luzatzea. Aurten ere ez dute aplikatu.

Mendekotasun Legea

Laguntzaren onuradun berriek ez dute laguntzarik jasoko 2013 bitarte. Orain arte jasotzen dutenek jasotzen jarraituko dute.

Gasolio profesionala

Kendu egingo du gasolio profesionalaren beherapena.

Kanon digitala

Kendu egingo du. Kanon digitalaren ordez konpentsazio sistema bat sortuko du, autoreei ordaintzeko.

Alokairu laguntza

Ez dute berrituko emantzipaziorako oinarrizko errenta; hau da, 30 urtetik beherakoei alokairua ordaintzeko ematen dieten 210 euroko laguntza. Orain jasotzen dutenek jasotzen jarraituko dute. 6.600 gazte dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Diru laguntzak

Alderdi politikoek, sindikatuek eta enpresaburuen elkarteek %20 gutxiago jasoko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.