Gureak taldea batu da jarduera etetea erabaki duten enpresen zerrendara ELAk agiri baten bitartez jakinarazi duenez, sindikatuek (ELA, LAB eta CCOO) eta zuzendaritzak enplegua aldi baterako erregulatzeko akordioa lortu dute.
Gureak-ek 6.000 langile inguru ditu —2.500i eragin die erregulazioak—, horietatik gehienak elbarritasun fisikoekin eta psikikoekin. Industrian eta zerbitzuetan aritzen da.
«Gauden testuinguru bereziki zailean, pertsonarik ahulenak babestuko dituzten akordioak lortu behar ditugu. Pertsonen egoera psikosoziala babestu nahi dugu; batez ere, alarma sozialeko testuinguru horretan desgaitasun psikikoa duten pertsonen egoera. Kolektibo hori, gainera, koronabirusaren aurrean kalteberatasun bereziko taldea da, birusarekiko bereziki sentikorrak diren patologiekin», oroitarazi dute zuzendaritzak eta sindikatuek.
Lan agintariek espedientea onartzen badu, langileek langabezia sari berezia jasoko dute etenaldiak irauten duen bitartean, baina Gureak taldeak sari hori beren ohiko ordainaren %100 izan arte osatuko du, aparteko ordainsariak barne.