Gutun ezkutuak, Cameronen haserre bizia eta bi agur lehen lerrotik

Bruselak igorritako sekretupeko bi ezkutitz argitara atera dira.Erresuma Batuak ez ditu ordaindu nahi EBk eskatutako 2.100 milioi

Ivan Santamaria.
2014ko urriaren 25a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Energiaren atalean lortutako akordioek zentzua eman diote, oraingoan bai, Europako Kontseilua antolatzeari. Krisia hasi zenetik gobernuburuen goi bilera historiko ugari iragarri dira, ondoren ezadostasunek edo eduki faltak ezerezean utzi dituenak. Baina energia kontuez gain,aurreko bi egunetan egindako batzarrari ez zaizkio gaiak falta izan.

Hasteko, atarikoak. Ez zegoen goi bileraren agenda ofizialean, baina Italiak eta Frantziak politika ekonomikoaren norabideari buruz Alemaniarekin duten norgehiagoka berriro jokatu da, tarteka. Hazkundearen moteltzea argudiatuta, bi herrialdeek defizit muga lausotzeko exijitu dute, aisetasun handiagoa ekonomia ez itotzeko, azken finean. Orain arte eskaera hori ezerezean geratu da.

Haatik, defentsa estrategian urrats bat gehiago egin dute Frantziak eta Italiak. Aurrekontuari buruz informazio gehiago exijitzen zuen Europako Batzordearen karta zuzen eta sekretupekoa argitaratzea erabaki zuen Matteo Renziren gobernuak, jaso eta biharamunean. Frantzian François Hollanderen kabineteak ez du ofizialki gauza bera egin, baina hedabide batek argitaratu du edukia.

Datozen asteetan aurrekontuei buruzko iritzia eman beharko du Europako Batzordeak. Gerta liteke proposamenak errefusatzea, defizita jaisteko behar beste egin ez dela iritzita. Italiak eta Frantziak taktika horrekin agerian utzi dute atzeko atetik presio egitea ez dutela onartuko. Beste gutun sekretu ospetsu batzuk daude. Esaterako, EBZ Europako Banku Zentralak Espainiari bidali zizkionak. Horien edukia liburu batean argitaratu zuen Jose Luis Rodriguez Zapatero presidenteak. Gogoratu behar da 2011. urteko udan Espainiako Konstituzioa premiaz egokitu zuela Espainiak.

Defizitari buruzko gatazka argitzen den bitartean, ekonomia edukiei buruz adostasun gutxi lortu dira kontseiluan. Abendurako etxeko lanak badituzte, ordea. Goi bilera horretan aurkeztu beharko ditu Jean Claude Juncker Europako Batzordeko presidente berriak inbertsioa bultzatzeko planaren xehetasunak. 2015-2017ko epean 300.000 euro mugitzeko asmoari oniritzia eman dio kontseiluak. Diru hori iturri pribatuetatik eta publikoetatik helduko litzateke. Finantzatu beharreko proiektuak ere eztabaidatuko dira abenduan.

Cameronen oharra

Hartu beharreko bideari buruzko eztabaidak nahikoa ez balira bezala, beste herrialde bat gehitu zaio haserretuen taldeari: Erresuma Batua. Kasu honetan, kexak zerikusia du barne produktu gordina kalkulatzeko sistema berriarekin, zeinak, besteak beste, drogen eta prostituzioaren ekarpena aintzat hartzen duen. Bada, sistema hori indarrean jarri bezain pronto, EBri egindako ekarpena berrikusi du Bruselak. Zeintzuk dira ondorioak? Herrialde batzuen faktura jaitsi da, eta beste batzuena, igo.

Erresuma Batuaren kasuan, fakturarik garestiena egokitu zaio. 2.100 milioi euro. Eta ez hori bakarrik. Ordainketa abenduaren 1a baino lehen egiteko exijitu dio Bruselak. David Cameron lehen ministroak ez zuen bere haserre bizia ezkutatu goi bileratik ateratzean. «Ez da onargarria. Ez dut kontu hori ordainduko abenduaren 1ean, inolaz ere ez», ohartarazi zuen hizlarien atrila jotzen zuen bitartean.

Erresuma Batuko agintariaren amorruarekin zer gertatzen den ez dute ikusiko Jose Manuel Durao Barroso EBko presidenteak eta Herman Van Rompuy Europako Kontseiluko lehendakariak. Haien agintaldia amaituta, azken goi bilera izan zuten atzokoa. «Hondamendi bat eragotzi dugu», esan zuen Van Rompuyk agurrean, batasunaren ordurik ilunenak gogoan hartuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.