Elkarrizketa soziala

Gutxieneko soldata hamabost euro igotzea ez da nahikoa ELAren eta LABen iritziz

Hamabost euroko igoera «txikiegia» dela uste du ELAk. LABek uste du garaia heldu dela Hego Euskal Herriko gutxieneko soldata ezartzeko.

Pakistango behargin bat mahats bilketan, Lapuebla de Labarcan (Araba). DAVID AGUILAR / EFE
Irune Lasa.
2021eko irailaren 17a
11:46
Entzun

ELA eta LAB sindikatuak ez daude pozik atzo Madrilen Espainiako Gobernuak CCOO eta UGT sindikatuekin gutxieneko soldatarentzat adostutako hamabost euroko igoerarekin.

Igoera oso murritza dela uste du ELA sindikatuak, eta igoera inflazioa baino askoz txikiagoa denez galera dakarrela langile klasearen erosteko ahalmenera. ELAk SMI lanbide arteko gutxieneko soldataren inguruko orain arteko aldarriak ekarri ditu gogora: «Gutxieneko soldata 15 euro igotzea oso urrun dago PSOEk eta Unidos Podemosek 2019ko akordioan agindutakotik; izan ere, akordio horretan 2020an 1.000 eurora iristeko konpromisoa hartu zuten, eta are urrunago dago iazko urtarrilaren 30eko greba orokorraren eskaeratik, zeinetan 1.200 euroko gutxieneko soldata eskatzen zen».

ELAren aburuz, «beste behin ere agerian geratu da elkarrizketa sozialak eta elkarrizketa hau osatzen duten sindikatuek ez dutela balio benetan langileen baldintza materialak hobetzeko. Elkarrizketa soziala, bai Hego Euskal Herrian, bai Espainiako Estatuan, lan eta gizarte eskubideak murrizteko (pentsioak murrizteko akordioetan bezala) edo, kasu honetan bezala, beharrezko lan eta gizarte aurrerapenei oztopoak jartzeko erabiltzen den tresna bat da».

Atzoko akordioarekin aurrerapen sozialaren sentsazioa transmititu nahi izatea gaitzetsi du ELAk, «soilik patronalak ez duelako sinatu». Akordioarekin bat ez egiteko patronalaren arrazoiei buruz, ELAk gezurtatu egin du SMIaren igoerak kalte egiten dionik enpleguari. «2019an gertatutakoak erakusten du gutxieneko soldata igotzeak ez diola kalterik egiten enpleguari, kontrakoa baizik, eta, gainera, ondorio positiboak dituela Ogasunen eta Gizarte Segurantzaren diru bilketan».

LAB: 1.400 euroko SMIa

Hamabost euroko igoerak «ez die erantzuten Hego Euskal Herriko langileen beharrei», LABen ustez. Sindikatuaren arabera, SMI lanbide arteko gutxieneko soldatak «ezin dio erantzun bertoko bizitzaren kostuari», eta garaia iritsi da Hego Euskal Herriko lanbide arteko gutxieneko soldata ezartzeko.

«2020ko greba orokorraren ondoren eta haren indarra baliatuz, gehiengo sindikalak SMI propioa ezartzeko proposamena egin zion Confebaski, lanbide arteko akordio baten bitartez. Pandemia etorri zen, eta proposamen horrek ez zuen garapenik izan. Orain, momentua da eztabaida horri berriz heltzeko. Euskal Herriko biztanleria osoak beharrezkoa du».

Urteetan Europako Eskubide Sozialen Gutunaren irizpideen araberako aldarria egin du LABek gutxieneko soldataren inguruan; hots, izan dadila batez besteko soldataren %60. Hortik, urteetan 1.200 euroko SMIa eskatu izan dute, baina, irizpide berari jarraituz, LABek uste du garaia dela kopurua eguneratzeko. «2021ean Hego Euskal Herriko gutxieneko soldatak 1.400 euro gordin izan beharko luke, 14 pagatan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.