Gutxieneko soldata motelago igoko duela onartu du Solbesek

Pentsio txikienak %6 igoko dituela iragarri du Zapaterok, eta PPk uste du ez dela horretarako garairik egokiena

Iker Aranburu.
2008ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Gutxieneko pentsioak igotzeko dirua badu Espainiako Gobernuak, baina gutxieneko soldata igotzeko ez, oraingoz. Pedro Solbes Espainiako Ekonomia ministroak atzo onartu zuenez, gutxieneko soldata uste «baino motelago» igoko da.

Legegintzaldi honetan gutxieneko pentsioak %26 igoko zituela agindu zuen PSOEk hauteskunde kanpainan, eta gutxieneko soldata, %33; 600 eurotik (14 ordainketa) 800 eurora, hain zuzen ere.

Igandean, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuak iragarri zuen pentsio txikienak %6 igoko direla datorren urtearen hasieran. Hau da, inflazioa baino puntu bat edo bi gehiago. Uneotan %4,9ko inflazioa du Espainiak, baina urtea amaitu bitartean %4ra jaitsiko den itxaropena du.

Hego Euskal Herrian ia 30.000 dira gutxieneko soldata baino txikiagoa jasotzen duten pentsiodunak. Hala ere, azken urteotan euskal erakundeek neurriak hartu dituzte pentsio txiki guztiak gutxieneko soldatarekin parekatzeko.

Egoera ekonomikoak nabarmen okerrera egin badu ere, PSOEko gobernuaren asmoa da azken legegintzaldiaren amaieran iragarritako gizarte gastuetan atzera ez egitea. «Hartutako konpromisoak bete egingo dira, eta beste gauza batzuk ukitu beharko dira», onartu zuen atzo Solbesek. Konpromisio horietako askorekiko desadostasuna azaldu zuen Ekonomia ministroak joan den legegintzaldian, baina azkenean onartu behar izan zituen.

PPren kritikak

Pentsioak igotzeko une txarra dela ziurtatu du Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusiak. «Pentsioak igo ahal izateko, jendea behar da lanean, eta hilabete honetan 250.000 lagun gutxiago ditugu Gizarte Segurantzan kotizatzen».

Berehala erantzun dio PSOEk, Leire Pajin Antolakuntza idazkariaren ahotik: «Egoera ekonomiko zailetan PPri burura datorkion neurri bakarra langileen eskubideak murriztea da, eta gutxien dutenen pentsioaren igoera trabatzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.