Gutxienez 2014ra arte segituko du Biharteanek

Lehen urtean helburuak bete egin direla esan dute Baionako eta Gipuzkoako merkataritza ganberek

Miren Garate.
Irun
2011ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Gipuzkoako eta Baionako merkataritza ganberek enpresen arteko harremanak eta osagarritasuna sustatzeko asmoarekin sortu zuten Bihartean erakundea, orain urtebete. Lehen helburuak «bete» ostean, gutxienez 2014ra arte mantentzea erabaki dute. Turismoarekin eta industria azpikontratazioarekin lotutako ekintzei emango die lehentasuna datorren urtean.

Olga Irastorza Biharteaneko arduradunak azaldu duenez, turismo arloan eskaintza bateratu bat egin nahi dute, «Baionatik Bilbora artekoa, Bidasoa ez dadila muga izan eskaintza honetan». Industria azpikontratazioari dagokionez, bi herrialdeetako enpresak elkarrekin aritu ahal izango diren merkatuak topatzen saiatuko dira. Horretarako, azoka eta jardunaldietan parte hartuko dute. Merkataritzako behatokia sortzea da erakundearen beste helburuetako bat.

Lehen urtean, sektore guztietako 250 enpresek jo dute erakundera. Zenbaki hori ontzat jo dute Pedro Esnaola eta Andre Garreta bi ganberetako presidenteek. Irungo Ficoban egindako agerraldian, Biharteanek aurrera eramandako bi proiektu nabarmendu dituzte. Alde batetik, azpikontrataziorako enpresen katalogoa. 150 enpresaren datuak ageri dira han, bakoitzaren espezialitatearen, makinen eta produktuen berri emanez.

Bestetik, enpresen arteko kooperazioa bultzatzeko egindako topaketek izandako arrakasta aipatu dute. Donostian izan zen haietako bat, eta Baionan bestea. 200 enpresa inguruk parte hartu zuten.

Irastorzaren esanetan, Gipuzkoako eta Lapurdiko enpresek badute elkarren merkatuekiko «jakin-mina eta beharra». Merkatu berri batean sartzea beti izaten dela zaila dio. «Enpresei esaten diegu erraztu egiten direla gauzak hango enpresa batekin sartuz gero, enpresa hori ezagutzen dutelako eta konfiantzazko kolaborazioa izaten delako». Irastorzak gaineratu du bi lurraldeetako enpresak, elkarrekin arituz gero, «sendoagoak eta erasokorragoak» izan daitezkeela eta bezero handiagoak eta eskaera konplexuagoak eskuratu ahal izango dituztela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.