Enpresak

Guuk-ek 17.000 bezero lortu ditu lehen urtean

Telekomunikazio zerbitzuetako bosgarren marka da Hego Euskal Herrian. Lurraldean errotzeko xedea duela berretsi du, saltokiak irekiz eta bertako erakunde, enpresa eta taldeekin lankidetza hitzarmenak eginez.

Teleoperadorearen arduradunak, ostegun honetan Bilbon eginiko agerraldian. MARISOL RAMIREZ (FOKU)
jokin sagarzazu
2021eko uztailaren 15a
12:31
Entzun

Ekonomiarentzat zaila izan den urte batean hasi du bere ibilbidea Guuk telefonia operadoreak, baina bere lekua egitea lortu du. Soilik Hego Euskal Herrian ematen ditu zerbitzuak, eta 17.000 bezero baino gehiago lortu ditu. Dagoeneko bosgarren marka da sektorean. Enpresak bi urteko epea eman dio bere buruari errentagarria izaten hasteko. Lehen urtean 7,9 milioi euro fakturatu ditu: batez beste 50 euro hilean zuntz eta mugikorreko bezero bakoitzeko, eta 10-12 euro mugikorretan. Konpainiaren helburua da 2026rako Hego Euskal Herriko merkatuaren %5-10 bitarteko kuota lortzea. Guuk-ek saltokiak ireki ditu lau hiriburuetan, eta zerbitzuak merkaturatzeko 200 puntu baino gehiago ditu.

Iaz sortu zuten Guuk. Talde indartsu bat du atzean: Masmovil. Harena da Guuk-en %60. MasMovilek bere egoitza Donostian duen arren, Madrildik gidatzen dute, eta Jersey uharteko funts baten mende dago. MasMovilek, hain justu, erosi berri du Euskaltel. Dena den, Guuk eta Euskaltel «bateragarriak» direla azpimarratu du MasMovilek. Espainian lan egiten duten operadore handienetan laugarrena da. Aurten Vodafonerekin bat egiteko eskaintza egin zuen, baina negoziazioek ez dute aurrera egin.

Guuk-eko arduradunek adierazi duenez, Euskaltel talde berean egotea «beste erronka bat» izango da haientzat. «Guk argi daukagu: operadore bakoitzak gauzak egiteko bere modua defendatu beharko du, eta denborak bakoitza bere lekuan jarriko du», esan du Juanan Goñik, konpainiako kontseilari ordezkariak.

Guuk-eko lehendakari Jon Ander de las Fuentesek, berriz, azpimarratu du Euskal Herrian errotzeko helburua duen enpresa proiektua dela haiena. «Geratzeko etorri gara, eta emaitzek erakusten dute merkatuak hemen nahi gaituela».

De las Fuentesek esan duenez, ibilbideko lehen urte urtean «gainditu» egin dituzte ezarritako helburuak, eta kontsumitzaileen aldetik izandako harrera nabarmendu du. Haien «beharretara» egokitzen den enpresa dela azpimarratu du. Bere negozio eredua «eskaintza argi eta errazetan» oinarrituta dagoela azaldu du, prezio aldaezinekin eta iraunkortasunik gabeko kontratuekin, «orain arte inoiz ikusi gabekoak». «Sektore honetako joko arauak aldatzera etorri gara».

17.000 bezeroetatik %30 berriak dira telekomunikazioen merkatuan, eta gainerako % 70 beste konpainietatik erakarri dituzte. Bezeroen % 74k mugikorreko eta etxeko zuntzezko zerbitzuak kontratatu dituzte. Batez beste, lau produktu bezero bakoitzeko; hortaz, 60.000 zerbitzu baino gehiago eskaintzen ditu jada Hegoaldean, telefono finkoa, zuntza, mugikorra, eta telebista kontuan hartuta.

Euskal Herrian «errotuta»

Enpresako arduradunek azaldu duenez, Euskal Herrian «errotutako« enpresa bat da, eta nabarmendu dute bertako bi bazkide daudela kapitalean: Nafarroako Rural Kutxa kreditu kooperatiba eta Elkargi berme sozietatea. «Lurraldean hain indartsuak eta garrantzitsuak diren aliatuek konpainia honetako kide izatearen aldeko apustua egin izanak gure proiektua eta gure irauteko nahia bermatzen ditu, zalantzarik gabe», adierazi du konpainiako lehendakariak. Gaur egun, akzioen %60 Masmovilen esku daude, %25 Dominion inbertsio funtsarenak dira, %10 Nafarroako Rural Kutxarenak, eta %5 Elkargirenak.

Guuk-eko buruzagiek adierazi dutenez, «lankidetza filosofia hori» beste esparru batzuetara eraman nahi dute: enpresetara, kirol erakundeetara, ekitaldietara etabar. Egungo babesletza eredua «agortua» dagoela eta «mantentzen zaila» dela iritzita, «bestelako lankidetza formula bat» proposatu du: «bazkide digital disruptiboarena». Goñik azaldu du zertan datzan hori: «Bazkide digital garen aldetik, zenbait tresna teknologiko garatzen ditugu haientzat, haien prozesu operatiboak errazteko, gizarte-oinarriarekiko lotura hobetzeko eta hura zabaltzeko aukera emateko; eredu hori oso harrera ona izaten ari da gure kolaboratzaileen aldetik, azken batean, epe luzera baliabide propioak sortzeko aukera ematen baitie».

Besteak beste, erakunde hauekin sinatu ditu teknologia eta merkaturatze arloko lankidetza hitzarmenak: Baskonia saskibaloi taldearekin, eta Gipuzkoa Basket eta Gernika Lointekekin; Uvesco taldearekin, Matia Fundazioarekin, Why Not eta beste zenbait enpresa, fundazio eta elkarterekin; hala nola, Iruñeko Alde Zaharreko eta Amurrioko merkatari elkarteekin; eta Donostiako Jazzaldiarekin.

Guuk izan da, gainera, 5G teknologia eskaini duen lehen euskal operadorea. 2020ko irailean hasi zuen prozesua, eta hil honen amaierarako erabiltzeko moduan egongo da teknologia hori Hego Euskal Herriko 30 bat udalerritan, lau hiriburuak barne.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.